Arritzaga meatzeak, Aralarren.
Felix Ugarte espeleologia elkarteko eta Arkeolan Fundazioko kideek Brontze Garaiko –orain 3.500 urteko– meategien “lekukotza garrantzitsuak” aurkitu dituzte Enirio-Aralar mankomunitatearen lurretan, Arritzaga inguruan –Amezketa partean–. “Konplexutasun tekniko handiko aztarnak dira, putzu, zulobide eta zangazuloz osatuak”. Ikerlarien arabera, aurkikuntza horrekin argi geratu da meatzegintza teknika “oso fina” zutela garai hartan, eta eremu hori ustiatzen esperientzia handiko pertsona “kualifikatuak” aritzen zirela.
Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak, Txomin Ugarte espeleologoak, Arkeolaneko zuzendari Mertxe Urteaga lazkaotarrak eta Jose Migel Santamaria Ordiziako alkate eta Enirio-Aralar mankomunitateko lehendakariak eman dute gaur aurkikuntzaren berri Diputazioan. 2008. urtetik ari ziren espeleologo eta arkeologoak zeregin horretan.
Bi mila urtean ukitu gabeko eremua
Arritzaga inguruan meatzeak zeudela gauza jakina da –1965. urtera arte aritu ziren bertan lanean–, eta brontze arrastoak aurkitzea ez ditu harritu ikerlariak, baina bai ingurumarian topatutako putzu, zulobide eta zangazuloak. “Bost eta hamar metro arteko zulobide asko daude, 100 metroko bat ere bai. Zangazulo ugari daude baita ere; bat 500 metro da luze eta 5 metro sakon”. Karbono 14 metodoa erabili dute analisia egiteko –Suedian aztertu ditu Uppsala enpresak–, eta analisi horrek baieztatu du Brontze Aroko meatzeen arrastoak direla.
Aurrerantzean egin beharreko arkeologia lanak “baldintza oso zailetan” egin beharko dituztela esan du Urteagak, zangazuloak lur ezengokorrean daudelako eta zulobideetara ailegatzea ez delako erraza. Bi mila urtean “ukitu ere egin gabeko” eremuan egin dute aurkikuntzat, eta “metodoa arkeologikoak” erabiliz egingo dituzte hustutze lanak.