Egoitza ireki du Hamaikabatek Beasainen
Hamaikabat alderdiak egoitza ireki du Beasainen. Alderdiaren zortzigarren egoitza da eta aurrerantzean Andramari kalean egongo da «herritar guztiei irekita». Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Josi Insausti Beasaingo Udalerako hautagaiak, Iñ...
Hamaikabat alderdiak egoitza ireki du Beasainen. Alderdiaren zortzigarren egoitza da eta aurrerantzean Andramari kalean egongo da «herritar guztiei irekita». Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Josi Insausti Beasaingo Udalerako hautagaiak, Iñaki Galdos Hamaikabateko presidenteak eta Pello Gonzalez Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako alderdiaren hautagaiak.
Insaustiren arabera, badira aste batzuk alderdia egoitzan lanean hasi denetik. Beasaingo taldearen «ilusioa eta energia ona» ere azpimarratu ditu hautagaiak eta hauteskundeetara «ilusio horrekin» joango direla aurreratu du.
Emaitza positiboak lortu nahian sorpresaz beteriko zerrenda osatu dute H1! alderdikoek Beasainerako: «Beasaingo gizarteak ezagutzen gaitu eta zerrenda aurkezten dugunean badakit sorpresa bezala hartuko duela».
Ohitura zaharrak atzean utzita, «independente asko» elkartzen dituen zerrenda dela aurreratu du Insaustik, «Beasaingo gizartean lanean dabiltzanek» osatzen dutena.
Gizartea kontuan hartuz
Maiatzeko hauteskundeetan H1!ek pisua izango duela ziur dago Insausti eta horretarako, abertzaletasun historikoa eta erakundezaleaz baliatuko direla argitu du. Gizartean dauden sentsibilitate mota guztiak kontuan hartuta lan egiteko beharra ere azpimarratu du beasaindarrak. «Gipuzkoan eta Beasainen martxan dauden proiektu estrategikoak aurrera eramateko gizartea kontuan hartzea» dela garrantzitsuena gaineratu du.