Fiskaltzak 5 urteko kartzela zigorra eskatu du 'Muki'-rentzat, Lazkaoko lapurreta dela medio
Duela hilabete batzuk polemika handia sortu zuen Goierrin ‘Muki’ ezinenez ezagun egin zen ustezko gaizkileak. Leporatzen zaizkion delituen artean, Lazkaon egindako lapurreta bat dago; Gipuzkoako Fiskaltzak bost urteko kartzela zigorra eskatu du ustezko delitu harengatik. Pasa den abenduaren 1ean atxilotu zutenetik kartzelan dago eta lehendik dituen beste bi kondena betetzen ari da; bat hamar hilabetekoa eta bestea bi urtekoa, biak ere armak edo indarra erabilita egindako lapurretengatik.
Lazkaoko lapurreta, urriaren 31n izan zen. Ustezko gaizkilea taberna batean sartu eta bezeroei meatxuka hasi zen, handik alde egin zezatela aginduz. Tabernariarekin bakarka gelditu zenean, “labana bat atera” zuen eta zerbitzariari dirua emateko agindu zion “modu oldarkorrean”. Tabernariak kaxan zituen 800 euroak eman zizkion gaizkileari eta ez zuela diru gehiago esan zion. Orduan ‘Mukik’ “labana handi bat” atera eta karteran zuen dirua ere eman arazi zion. Haren 400 euroak eta barrako ontzi batean zeuden beste 200 euro hartu eta alde egin zuen.
Gipuzkoako Fiskaltzak armak erabiliz lapurreta egitea leporatzen dio 20 urteko gazteari. Horrez gain delitu bera berriz egiteagatik hare zigor handiagoa eskatu dute, guztira, 5 urtekoa. Horrez gain, kaltetuari 1.400 euroko kalte-ordaina emateko ere eskatuko dute.