Minbizia eta elikadura aztertuko dituzte larunbateko jardunaldian
Minbiziari aurre egiten laguntzeko desfilea eta jardunaldia egingo dituzte egunotan Ordizian, gaitzari nola aurre egin aztertu eta elkarteek egiten duten lana ezagutarazteko. Ordiziako Udalak, Aspanogi, Katxalin eta AECC elkarteekin batera antolatu dit...
Minbiziari aurre egiten laguntzeko desfilea eta jardunaldia egingo dituzte egunotan Ordizian, gaitzari nola aurre egin aztertu eta elkarteek egiten duten lana ezagutarazteko. Ordiziako Udalak, Aspanogi, Katxalin eta AECC elkarteekin batera antolatu ditu saio horiek, Zu zara giltza ekimenaren barruan.
Etzi, barruko arropen eta ileordeen desfilea egingo dute Herri Antzokian, 18:00etan. Horrekin batera, kimioterapia hartzen ari diren pertsonentzat egokiak diren tratamenduak azalduko dituzte.
Pasa den ostiralean, ekitaldiok aurkezteko agerraldian parte hartu zuten Aspanogi eta Katxalin elkarteetako kideek ere. Aspanogiko Nekane Lekuonak azaldu zuenez, antolatu dituzten jarduerak, minbizia duten pertsonei eta haien senideei zuzenduta daude, “euren burua zaintzen ikasi eta bizi kalitatea hobetu dezaten”.
Mahai-ingurua, larunbatean
Minbiziari aurre egiteko elikadurak izan dezakeen garrantzia aztertzeko, mahai-ingurua egingo dute larunbatean, 16:00etan hasita, D’Elikatuz zentroan. Hiru aditu elkartuko dira mahaiaren bueltan. Josep Piera onkologoa, Ana Elbusto mediku nutrizionista, Iñigo Ochoa de Alza psikologoa. Tratamendu onkologikoa jasotzen ari diren pertsonentzat errezeta ezberdinak eta jarraitu beharreko oinarrizko pautak erakutsiko dituzte.
Gai berarekin lotuta, 17:30ean, menu osasungarriak prestatzen ikasteko elikaduraren inguruko tailer praktikoa egingo dute, Jose Juan Castillo sukaldari ezagunak lagunduta.