CAFeko Enpresa Batzordeek fabrikako ordezkariei eskatu diete Zapaterori hainbat eskaera egiteko
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak Estatu mailako 44 enpresetako ordezkariekin bilera egingo du etzi, Europako Batzordeko emaitzak ebaluatzeko eta bertan izango dira CAFeko zuzendaritzako kideak ere. Hori dela eta, Beasaingo eta Ir...
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak Estatu mailako 44 enpresetako ordezkariekin bilera egingo du etzi, Europako Batzordeko emaitzak ebaluatzeko eta bertan izango dira CAFeko zuzendaritzako kideak ere. Hori dela eta, Beasaingo eta Irungo enpresa batzordeek CAFeko ordezkariei eskatu diete Zapaterori hainbat eskaera egiteko.
Lehenendabizi CAFeko langileak pentsioetan murrizketak egitearen aurka daudela Zapaterori gogoraraztea nahi dute. Bigarrenik, krisi ekonomikoak «errudun jakin batzuk dituela eta haiek, batez ere finantza erakundeak direla» esatea eskatzen dute langileek. «Bilera horretan haien ordezkaritza handia izango denez, kontuak eskatzeko une egokia izango da».
Arauak aldatzearen aurka
Hirugarrenik «argi» utzi nahi dute ez dutela onartuko negoziazio kolektiborako arauak aldatzea eta negoziazioa KPItik bereiztea «bizimoduaren garestitzea gure soldatetan bermatzea, gure eskubidea baita, bizi baldintza duinak eduki ahal izateko».
Laugarrenik, bilerara joango diren enpresetako «produktibitatea hobetu» asmoz, administrazio batzordeetako zuzendarien soldatak erdira jaistea eta horren aurretik kobratzen dituzten zenbatekoak jendaurrean ezagutaraztea proposatzen dute.
Azkenik, Euskal Herrirako lan, gizarte eta ekonomia arloko harremanen esparru propioa lortu nahi dutela gogoraraztea ere eskatzen dute Beasaingo eta Irungo Enpresa Batzordeek.