Goierriko alderdi gehienak ez daude ados Sorturi buruzko epaiarekin
Goierriko alderdi politikoetako ordezkari gehienak ez datoz bat Auzitegi Gorenak Sortu legeztatzearen aurka hartutako erabakiarekin. Horrela, Alternatibak, Aralarrek, EAk, EAJk, ezker abertzaleak, Ezker Batuak eta Hamaika Batek beraien desadostasuna agertu dute. PPk eta PSE-EEk aldiz, onartu egin dute epaia.
Iñaki Saldaña Alternatibako kidearen hitzetan «itxuragabekeria politiko eta juridikoa» da. «Aparato judiziala politikoari oso lotuta dagoela erakusten du». Bestalde aipatu du, PSOEk eta PPk ezker abertzaletik datorren guztiari egiten dioten «eraso politikoa» salatu egiten dutela, indarkeria baztertu ala ez baztertu. «Etxekolanak egin dituzte eta ez dakigu zer gehiago behar duten».
Aralarreko Patxi Aierbek ez daki «zer gehiago egin beharko duten apustu serioa dela eta egoera honi irtenbide bat eman nahi zaiola erakusteko». Bere hitzetan egunero «traba berri bat» jartzen zaie eta ez daki horrek bukaera non duen. «Ikusita zer nolako hausnarketa eta behin betiko apustua egin duten, alderdi hori ez legeztatzea, lotsagarria da».
«Baldintza guztiak bete ditu»
EAko Asier Sarriegik aipatu duenez, Alderdien Legeak baldintza batzuk jartzen ditu, jarduera normalizatu bat eramateko beharrezkoak, eta Sortuk «lege hori eta jarritako baldintza guztiak» bete ditu. Horregatik, garbi ikusten dute «erabaki politiko bat hartu dutela, legez kanpo uzteko arrazoirik ez baitago». Sarriegiren ustez erabakiaren atzean, Euskal Herriko hainbat eragilek «eman dituzten pausoak daude; pauso horiek bildurra sortu dute sektore politiko jakin batzuetan eta bide horretan, trabak jarri besterik ez dute egiten».
EAJko Luke Uribe-Etxebarriaren ustez «benetan tamalgarria» da epaia. Beraien ustez, ikuspuntu juridikotik, Sorturen estatutuak «erabat bidezkoak» dira alderdi legala izateko. «Susmoa daukagu, susmoa baino gehiago, erabili direnak kriterio politikoak izan direla». Uribe-Etxebarriaren hitzetan epaitegi bati ez dagokio kriterio politikoak erabiltzea. «Epaitegi bati aztertzea dagokio, kasu honetan Sorturen estatutuak ea legearekin bat datozen ala ez». Beraien ustez, bat datoz.
Karmele Aierbe ezker abertzaleko kidearen iritziz, erabakiak «garbi uzten du estatuak ez duela nahi Euskal Herrian bizi dugun gatazka konpontzerik» eta ezker abertzaleak «bide baketsuen eta demokratikoen bidez gatazka konpontzeko» hartutako erabakiak ere min egin diola. Dena den, ezker abertzalea ez dutela «hartutako bidetik aldenduko» eta maiatzeko hauteskundeetan izango dela esan du, «euskal herritarren gehiengoak hala nahi duelako eta gure eskubidea delako». Azkenik esan du, eragile politiko eta sozialek ezin dutela erantzunik eman gabe gelditu, zeregin hori ez baita «gure erantzukizuna» bakarrik, herri oso batena baizik eta bereziki, eragile politiko eta sozialena.
Carlos Gonzalez Ezker Batuako kideak jakitera eman duenez ez datoz bat epaiarekin, ezta Alderdien Legearekin ere. «Eta are gutxiago gaur egun bizi dugun eskenatoki berrian». Espainiako Gobernuak eta estatuak osotasunean «urratsak egiteko» unea dela uste dute, «batez ere, gatazka konpontzeari begira, baina badirudi Espainiak ez dituela urrats horiek egin nahi». Beraz, «espero eta nahi duten bakarra» da ezker abertzalearen sektore hori udal eta foru hauteskundeetan egotea. «Guk, ahal dugun neurrian, lagundu egin dugu egon daitezkeen ñabardurak kontuan hartuta». Gonzalezi iruditzen zaio hauteskundeetan egon egin behar dutela, «modu batera edo bestera».
Juan Inazio Galdos Hamaika Bateko ordezkariak beraien desadostasuna azaldu nahi du. «Epai horrek bultzada politikoa duela uste dugu». Bestalde, ez zaie iruditzen «herri honen normalizaziorako» epai ona denik. Azkenik, Galdosek aipatu du «giltzarria ezker abertzaleak hasitako bide berri horri jarraipena ematea dela».
Epaiarekin ados
Julio Herreros PPko ordezkariaren hitzetan justiziari kasu egin behar zaio. «Justiziak erabaki badu Sortu ez dela legala onartu egin behar da». Kontrakoa erabaki izan balu ere onartu egingo luke epaia, baina ez litzateke ados egongo. «Niretzat Sortuk Batasuna izaten jarraitzen du eta, beraz, ETA. Erakunde armatuaren ekintzak kondenatzen ez dituen arte hala izaten jarraituko du». Herrerosen hitzetan urte asko daramate borrokan «eta garaipen txiki bat izan dela esan daiteke, baina erabateko garaipena izan arte borrokan jarraituko dugu».
PSE-EEko Mikel Serranoren hitzetan «epaia onartzen dugu, baina gure apustua Sortu legala izatea eta hauteskundeetan egotea da».