Kalean ikusten ez dena
Bakoitzak zer lan egin behar duen badaki, inork ezer esan beharrik gabe. Batzuk arropak lixatu, besteek santuak jantzi, koru ondoko geletatik andak jaitsi eta santuak muntatu, Soledadeko kapera atondu… Zer egina izaten dute Seguran Ostegun eta Ostiral Santu eguneko prozesioak hasi aurretik. Gipuzkoan herri bakan batzuetan bakarrik mantentzen da Aste Santutako prozesioak egiteko ohitura. Segura da horietako bat. Atzo egin zuten lehen prozesioa eta gaur bigarrena. Kalean ikusten denaren atzean ordea, egun osoko lana dago. Aurreko ostiralean elkartu ziren 30 segurar inguru elizan, urtero bezala, prozesio aurreko lanak egiteko. Gizonezkoak 08:30ak aldera elkartzen dira, eta handik ordu erdi ingurura emakumeak. Talde txikitan banatuta, norberak bere egitekoan jardun zuen goiz osoan zehar. Laureano Telleriak zehaztu duenez, «bakoitzak bere lana zein den badaki, urteetan egin dute eta hasitakoarekin jarraitzen dute. Emakume bakoitzak badaki zein irudi jantzi behar dituen, eta gizon bakoitzak zein pauso muntatu». Azken urteetan Ostiral Santuaren aurreko astean egiten dituzte prestaketa lanak, beti ostiralez. «Lehen larunbat goizetan egiten genituen, eta herriko umeak ere etortzen ziren laguntzera. Beste giro bat egoten zen, umeak aurrera eta atzera, zertan lagundu zezaketen galdezka aritzen ziren. Orain eskola izaten dute eta helduak bakarrik aritzen gara». Santu guztiak behar diren lekuan jarri eta denak jantzi ondoren, [...]
Bakoitzak zer lan egin behar duen badaki, inork ezer esan beharrik gabe. Batzuk arropak lixatu, besteek santuak jantzi, koru ondoko geletatik andak jaitsi eta santuak muntatu, Soledadeko kapera atondu… Zer egina izaten dute Seguran Ostegun eta Ostiral Santu eguneko prozesioak hasi aurretik. Gipuzkoan herri bakan batzuetan bakarrik mantentzen da Aste Santutako prozesioak egiteko ohitura. Segura da horietako bat. Atzo egin zuten lehen prozesioa eta gaur bigarrena. Kalean ikusten denaren atzean ordea, egun osoko lana dago.
Aurreko ostiralean elkartu ziren 30 segurar inguru elizan, urtero bezala, prozesio aurreko lanak egiteko. Gizonezkoak 08:30ak aldera elkartzen dira, eta handik ordu erdi ingurura emakumeak. Talde txikitan banatuta, norberak bere egitekoan jardun zuen goiz osoan zehar. Laureano Telleriak zehaztu duenez, «bakoitzak bere lana zein den badaki, urteetan egin dute eta hasitakoarekin jarraitzen dute. Emakume bakoitzak badaki zein irudi jantzi behar dituen, eta gizon bakoitzak zein pauso muntatu».
Azken urteetan Ostiral Santuaren aurreko astean egiten dituzte prestaketa lanak, beti ostiralez. «Lehen larunbat goizetan egiten genituen, eta herriko umeak ere etortzen ziren laguntzera. Beste giro bat egoten zen, umeak aurrera eta atzera, zertan lagundu zezaketen galdezka aritzen ziren. Orain eskola izaten dute eta helduak bakarrik aritzen gara».
Santu guztiak behar diren lekuan jarri eta denak jantzi ondoren, elizan gordetzen dituzte. Atzo goizean berriz, elizatik udaletxera eraman zituzten denak. «Ostegunean prozesioa udaletxetik hasten da, eta dena bertara eraman behar da». Santuak, nazareno eta penitenteen tapakiak, anda txikiak, gurutzeak… eramaten dituzte.
Gaur berriz, prozesioa elizatik abiatuko da, 18:15ean, eta amaitzean, elizan ikusgai jarriko dituzte paso guztiak datorren ostiralera arte. Orduan dena bere lekuan gorde beharko dute berriro: «Jaitsitako guztia igo egin behar da, arropa guztiak garbiak dauden begiratu, paper berezi batekin estalita gorde… lan handia eskatzen du honek guzitak», azaldu du Telleriak. «Otsailean hasten gara puskatuta dauden piezak eta arropak konpontzen, eta ospakizunen ondoren berriro dena errepasatu behar da».
Bi mila pieza ezberdin
Santu guztiak muntatzeko bi mila pieza inguru behar izaten dituzte, «bakoitzak bere ezaugarriak eta lekua ditu. Dena ondo jartzea garrantzitsua da, bestela gero ondorioak prozesio garaian agertzen dira». Dena ondo joatea da denen nahia, baina bere garrantzia ere badu. Izan ere, 300 herritar inguruk parte hartzen du Aste Santuko ospakizunetan Seguran, eta «santua eramaten aritzen direnek batez beste 48 kiloko pisua eramaten dute sorbalda baten gainean. Gizonek minik ez hartzea zaindu behar da».
PATXI GARAIALDE:ASTE SANTUKO OSPAKIZUNETAKO PARTAIDEA
«Ni sinestuna naiz eta niretzat Aste Santua gauza oso berezia da»
Hiru urte zituenetik parte hartzen du Aste Santuko opakizunetan Patxi Garaialdek (Segura, 1928). Aurten 83 urte beteko ditu, eta hutsik egin gabe jarraitzen du. Atzo eta gaur Seguran egingo diren ospakizunetan izango da, eta prozesioetarako pasoak prestatzen ere lagundu du.
Laurogei urte izango dira aurten Aste Santuko ospakizunetan parte hartzen duzuna.
Hiru urte nituela irten nintzen lehen aldiz, aingeru jantzita, eta 76 urte nituen arte prozesioan parte hartu dut. Azken urte hauetan prozesioak prestatzeko lanetan lagundu dut bakarrik.
Nolatan hasi zinen prozesioetan parte hartzen?
Herrian ohitura da prozesioan parte hartzea, eta hala hasi nintzen. Aitak ere santua eramaten zuen eta bere lekua nik hartu nuen.
Hiru urte zenituenetik, urtero parte hartu al duzu?
Aingeru, nazareno, penitente, San Migel, eta soldadu erromatar izan naiz, eta santua ere ematen nuen. Urte hauetan guztietan soldaduskako urtean izan ezik, gainontzeko guztietan parte hartu dut Aste Santuko ospakizunetan.
Noiz hasi zinen santua eramaten?
Hemezortzi urterekin. Aitaren lekua hartu nuen, bera zahartuta zegoela eta nik jarraitzeko eskatu zidan.
San Migel ere izan zara. Zaila al da egin behar izaten den dantza?
Oso pauso errazak dira, hankak alde batera eta bestera mugitu behar dira bakarrik, ezpata ezkutuaren gainean duzula. Ni izan nintzen gainera San Migelen dantza lehen aldiz egin zuen mutikoa. Armaola baserriko Gillermo Zubizarretak erakutsi zidan.
Aste Santuarekin lotura duten pertsonaia guztien artean zein duzu gustukoen?
Bakoitzak bere xarma dauka, paper bakoitzak bere esanahia. San Migel izan nintzenean oso gustura aritu nintzen, eta santua eramaten ere bai. 38 urtez Idiazabalen bizi izan naiz eta hala ere urtero parte hartu dut. Ni sinistuna naiz eta niretzat Aste Santua oso gaurza berezia da.
Ospakizunek urte askoan jarraituko dutela uste duzu?
Ez dakit, baina hala izatea espero dut. Badago oraindik ere ospakizunetan parte hartzen duen jendea, eta jarraitzea espero dut.














