
Bakoitzak zer lan egin behar duen badaki, inork ezer esan beharrik gabe. Batzuk arropak lixatu, besteek santuak jantzi, koru ondoko geletatik andak jaitsi eta santuak muntatu, Soledadeko kapera atondu… Zer egina izaten dute Seguran Ostegun eta Ostiral Santu eguneko prozesioak hasi aurretik. Gipuzkoan herri bakan batzuetan bakarrik mantentzen da Aste Santutako prozesioak egiteko ohitura. Segura da horietako bat. Atzo egin zuten lehen prozesioa eta gaur bigarrena. Kalean ikusten denaren atzean ordea, egun osoko lana dago. Aurreko ostiralean elkartu ziren 30 segurar inguru elizan, urtero bezala, prozesio aurreko lanak egiteko. Gizonezkoak 08:30ak aldera elkartzen dira, eta handik ordu erdi ingurura emakumeak. Talde txikitan banatuta, norberak bere egitekoan jardun zuen goiz osoan zehar. Laureano Telleriak zehaztu duenez, «bakoitzak bere lana zein den badaki, urteetan egin dute eta hasitakoarekin jarraitzen dute. Emakume bakoitzak badaki zein irudi jantzi behar dituen, eta gizon bakoitzak zein pauso muntatu». Azken urteetan Ostiral Santuaren aurreko astean egiten dituzte prestaketa lanak, beti ostiralez. «Lehen larunbat goizetan egiten genituen, eta herriko umeak ere etortzen ziren laguntzera. Beste giro bat egoten zen, umeak aurrera eta atzera, zertan lagundu zezaketen galdezka aritzen ziren. Orain eskola izaten dute eta helduak bakarrik aritzen gara». Santu guztiak behar diren lekuan jarri eta denak jantzi ondoren, [...]






