Elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko, Bilduren kontrako erabakia salatzeko
Maiatzaren 22ko udal hauteskundeetarako Bildu koalizioak Goierrin aurkeztu eta Hauteskunde Batzorde Zentralak aldarrikatuak zituen 15 hautagaitzek ezin izango dute parte hartu, ezta Hego Euskal Herriko gainerako 239 zerrendek eta Batzar Nagusietarakoek ere. Espainiako Auzitegi Gorenak herenegun gauean hartu zuen Bildu hauteskundeetatik kanpora uzteko erabakia. Azken hitza Auzitegi Konstituzionalak du orain, kanpaina ostegunetik ostiralerako gauerdian hasten denerako esan beharrekoa.
Auzia eztabaidatu duten Goreneko 61 Aretoko 16 epaileetatik bederatzik eman dute legez kanporatzearen aldeko botoa; sei aurkezten uztearen alde ziren, eta beste epaile batek zerrenda batzuk onartzearen alde egin du. Estatuaren fiskalak eta abokatuak sartutako helegiteak aintzat hartu ditu Aretoak, orokorrean.
Ezker abertzaleko Bildu koalizioa «ETAk eta Batasunak gidatua eta kontrolatua» dela ebatzi du Gorenak, eta «EA eta Alternatiba erabili dituzte ezker abertzalea atzera berriz erakunde publikoetan egoteko». EAk eta Alternatibak ez ezik, independenteek ere osatzen dute koalizioa, baina Gorenak dio horiek erakundeetan baleude «ETAren aldeko politika» egingo luketela.
Bilduk atzo esan zuen Gorenaren erabakia «politikoa» dela, eta Espainiako Gobernuak amore eman duela «PPren presioaren» aurrean. «Epaia juridikoki onartezina da. Espainian ez dago botere banaketarik».
Gorenak erabakia hartu baino lehen Bilduk iragarri zuen Auzitegi Konstituzionalera joko lukeela kasu horretan, eta atzo berretsi zuen. Konstituzionalak Gorenaren epaiaren alde egingo balu, Bilduk Europara joko luke. Bestetik, parte hartzen utzi ezean hauteskundeak baliorik gabe uzteko eskatuko luke.
Goierrin hamarretik zazpi herri
Goierriko hamabost udalerritan prestatu ditu Bilduk udaletarako zerrendak, EAk, Alternatibak eta independenteek osatuak. Herrien %68tan du presentzia. PP da ugariena, herri guztietan baititu hautagaitzak, eta ondoren herrietako hautesle elkargoak dira ugarienak (18). PSE-EEk hamabost herritan aurkeztu ditu hautagaitzak, hain justu Bildu dagoen herri berberetan.
Bilduren zerrendekin batera, Hego Euskal Herrian 21 hautesle elkargo ezeztatzeko ere eskatu zuten Estatuaren Fiskaltzak eta Abokatutzak. Horietatik 11 legez kanporatu ditu Gorenak. Goierrikorik ez dago tartean.
Elkarretaratzeak gaur
Gorenaren epaiaren kontra elkarretaratzeak deitu dituzte, gaurko. ‘Eskubide guztien alde, ilegalizaziorik ez’ lelopean egingo dira iluntzean, hainbat herritan. Bilduk ez ezik, Aralarrek eta Ezker Batuak ere bat egin dute deialdiarekin.
- Idiazabalen 19:00etan, plazan.
- Ordizian 19:30ean, Plaza Nagusian.
- Lazkaon 20:00etan, plazan.
- Zaldibian 20:00etan, plazan.
- Beasainen 20:00etan Zubimuzu plazan.
- Zumarraga eta Urretxuko udaletxe aurretan ere elkartuko dira, 20:00etan.











