Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen Eguna ospatuko dute larunbatean
Maiatzean zehar, Bide-Berdeak dituzten Europako leku desberdinetan hainbat ospakizun egingo dute. Larunbat honetan, mutiloarren eta ormaiztegiarren txanda izango da, Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen Eguna ospatuko baitute. Iñaki Ugalde eta Jon Intxausti Mutiloako eta Ormaiztegiko alkateek bertan parte hartzera animatu nahi dituzte goierritar guztiak. Arratsaldean, 15:30ean emango diote hasiera egitarauari, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Bertan aurrez izena eman duten parte hartzaileei txartel bana banatuko diete. Zenbakidun txartel bat, eta berau eskuetan dutela Bide Berdean zehar abiatuko dira. Ormaiztegi-Mutiloa-Ormaiztegi ibilbidea osatu beharko dute, guztira 9 kilometro: 4,5 kilometro joaten eta beste 4,5 Ormaiztegira itzultzen. Askaria erdibidean Ibilbidearen erdialdean, Barnaolan aurrez izena eman dutenei ogitartekoak, sagardoa eta ura emango dizkiete, doan. Horretarako hasieran eskuratutako txartela erakutsi beharko diete antolatzaileei. Ibilbidea bukatzen duten parte hartzaile guztiei diploma edo ziurtagiria emango diete. 19:30ean berriz, Goierriko jatetxe batean bi lagunentzako bi otorduren eta hiru ipuin bildumen zozketa egingo dute izena eman duten guztien artean, Zumalakarregi museoan. Ekitaldiari 20:00etan emango diote bukaera. Lurdes Azpiazu museoaren koordinatzaileak jakitera eman duenez «ibilbidea laua da, zailtasunik gabea, gurasoek seme-alabekin egiteko modukoa. Eta lasai lasai osatu ahal izango da». Izena emateko interesatuek Zumalakarregi museoko telefono zenbakira deitu dezakete: 943 88 99 00ra, edota bestela, mzumalakarregi@gipuzkoa.net-era idatzi dezakete. Jardunaldiak ekainean Niko Osinalde Goiturreko ordezkariak [...]
Maiatzean zehar, Bide-Berdeak dituzten Europako leku desberdinetan hainbat ospakizun egingo dute. Larunbat honetan, mutiloarren eta ormaiztegiarren txanda izango da, Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen Eguna ospatuko baitute. Iñaki Ugalde eta Jon Intxausti Mutiloako eta Ormaiztegiko alkateek bertan parte hartzera animatu nahi dituzte goierritar guztiak.
Arratsaldean, 15:30ean emango diote hasiera egitarauari, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Bertan aurrez izena eman duten parte hartzaileei txartel bana banatuko diete. Zenbakidun txartel bat, eta berau eskuetan dutela Bide Berdean zehar abiatuko dira. Ormaiztegi-Mutiloa-Ormaiztegi ibilbidea osatu beharko dute, guztira 9 kilometro: 4,5 kilometro joaten eta beste 4,5 Ormaiztegira itzultzen.
Askaria erdibidean
Ibilbidearen erdialdean, Barnaolan aurrez izena eman dutenei ogitartekoak, sagardoa eta ura emango dizkiete, doan. Horretarako hasieran eskuratutako txartela erakutsi beharko diete antolatzaileei.
Ibilbidea bukatzen duten parte hartzaile guztiei diploma edo ziurtagiria emango diete. 19:30ean berriz, Goierriko jatetxe batean bi lagunentzako bi otorduren eta hiru ipuin bildumen zozketa egingo dute izena eman duten guztien artean, Zumalakarregi museoan. Ekitaldiari 20:00etan emango diote bukaera.
Lurdes Azpiazu museoaren koordinatzaileak jakitera eman duenez «ibilbidea laua da, zailtasunik gabea, gurasoek seme-alabekin egiteko modukoa. Eta lasai lasai osatu ahal izango da».
Izena emateko interesatuek Zumalakarregi museoko telefono zenbakira deitu dezakete: 943 88 99 00ra, edota bestela, mzumalakarregi@gipuzkoa.net-era idatzi dezakete.
Jardunaldiak ekainean
Niko Osinalde Goiturreko ordezkariak aipatu duenez, Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen Eguna ospatzeaz gain, Bide Berdeen inguruan Estatu mailako jardunaldiak egingo dituzte bi egunetan: ekainaren 14ean eta 15ean. Ekainaren 14ean irekiera ofiziala Mutiloan egingo dute, «gure Bide Berdea ardatz hartuta, eta hurrengo egunekoa Oiartzunen izango da».
Jardunaldi horiek Bide Berdeen promozioa eta dinamizazioa izango dute oinarri. Beste hainbat Bide Berdeetako kudeatzaileek parte hartuko dute, eta beraien esperientziak izango dituzte hizpide. «Gure gai bera duten Bide Berdeetako ordezkariak etor daitezen eskatu dugu, meategiekin erlazio duten beste adibide batzuk entzun ahal izateko, eta halaxe izango da», dio Osinaldek.
Meatze aktibitateak utzitako trenaren bidea Bide Berde bihurtu zuten mutiloarrek eta ormaiztegiarrek; Bide Berdea erabilgarri dago egun, baina beste hainbat proiektu ere badituzte esku artean bi herriek .
Urratsez-urrats bidea egiten ari dira
Meatze jarduerak utzitako trenaren bidea, Bide Berde bihurtzeko lehendabiziko urratsak 2005. urtean eman zituzten ormaiztegiarrek eta mutiloarrek. 2006 eta 2007 urteetan obra egin zuten, eta Barnaolatik (Mutiloa) Ormaiztegira arteko bidea, orduan geratu zen bukatuta. Herritarrek zein bisitariek bertan paseatzeaz gain, bidearen jatorria ezagutzea nahi zuten bi herrietako Udalek, eta panel informatiboak jarri zituzten ibilbidean zehar, meategiaren nondik-norakoak azalduz.
Bide-Berdea ez da Ormaiztegiko herrigunera iristen, eta orain beraien erronka bide hori erdigunera heltzea da. Horretarako hainbat urrats eman zuten. Azkenekoa iaz. Horri esker bidea Renfeko geralekuraino luzatzea lortu zuten. Zenbait egitura ere konpondu zuten. Jon Intxausti Ormaiztegiko alkatearen hitzetan «oraindik bi zati geratzen dira egiteko». Aurten batekin hastea aurreikusten dute. Azken faserako, ordea, finantziazioa falta dela aipatu du Ormaiztegiko alkateak, baina bere ustez hurrengo urteetan egin ahal izango dute.
Mutiloa
Mutiloaren kasuan Iñaki Ugalde alkateak jakitera eman duenez Bide Berdea abiapuntua izan zen. «Mutiloan iraganean meatzaritzak sekulako garrantzia izan zuen, eta lehenengo proiektua Bide Berdea berreskuratzea izan zen». Barnaola baserritik abiatu eta Ormaiztegira bitartean egiten zuen ibilbidea tren zaharrak, eta ibilbide hori bihurtu zuten Bide Berde.
Mutiloarrei garrantzitsua iruditzen zitzaien ibilbide hori herrigunearekin elkartzea, eta hurrengo fasean horixe bera egin zuten, garai bateko oinezko bide bat lotura gisa hartuta.
Mutiloako alkateak aipatu duenez, meatzeetan hiru gune daude. «Horietatik bat, minerala garraiatzen zuten puntua da. Hortik gora nolabait beste bi daude: Bata, minerala tratatzen zuten gunea eta bestea, ateratzen zutena». Hurrengo fasean minerala tratatzen zuten gunera ibilbide bat egokitu zuten eta bertako egiturak ere sendotu zituzten. «Orain mea ateratzen zuten gunea berritzea geratzen zaigu». Bertan meategietako zuloak daude. Zulo horiek sendotu nahi dituzte, jendeak bisitatu ditzan.











