Joxe Arizmendi, Hamaikabaten alkategaia Ordizian
Hamaikabat alderdiak Joxe Arizmendi aurkeztu du gaur Ordiziako alkatetzarako. Aurkezpen ekitaldian Pello Gonzalez Ogasun diputatu eta Batzar Nagusietarako Oria eremurako hautagaia izan du lagun. Hamaikabat alderdia “alderdi berria” dela esan du, baina zerrenda “ibilbide luzeko pertsonek” osatzen dutela. “Ordizian zazpi zerrenda aurkeztu gara, eta horrek erakusten du Ordizia anitza dela. Frentismoa alde batera utzita, abertzaletasun instituzionala da defendatuko dugun proiektua”. Arizmendik nabarmendu du bere lehentasuna “ordiziarrei eguneroko bizitzan sortzen zaizkien arazoak konpontzea” izango dela. Joxe Arizmendi ordiziarra da, eta 46 urte ditu. 1995tik 2003ra Ordiziako Udaleko alkateorde izan zen, eta 2007. urtetik Foru Aldundiko Politika Sozialeko departamenduaren planifikazio eta inbertsioetarako zuzendaria da. Hauteskunde programaren laburpena Datozen egunetan aurkeztuko duten programaren laburpena egin du Arizmendik aurkezpenean. Hirigintza arloan, esaterako, Ordiziako kasko historikoaren izaera indartzearen alde azaldu da, eta oinezkoentzat espazio gehiago sortuko dituztela iragarri du. “Aparkalekuena ez da Ordiziak duen gabezia nagusia, baina Arboladian lurpeko aparkalekua egitea proposatzen dugu”. San Joango hirigintza proiektuari ere jarraipena eman beharko zaiola gogoratu du, baina aurrera begira alokairuzko etxebizitzak sortzearen alde hitz egin du. Era berean, San Bartolome auzoa “liberatzeko” trenbidea lekuz mugitu beharko dela esan du. “Hori egin bihur dadin lan egingo dugu”. Ekonomia biziberritzeko, berriz, Arizmendik esan du enpresa mailan Ordizia “mugatuta” dagoela, [...]
Hamaikabat alderdiak Joxe Arizmendi aurkeztu du gaur Ordiziako alkatetzarako. Aurkezpen ekitaldian Pello Gonzalez Ogasun diputatu eta Batzar Nagusietarako Oria eremurako hautagaia izan du lagun. Hamaikabat alderdia “alderdi berria” dela esan du, baina zerrenda “ibilbide luzeko pertsonek” osatzen dutela. “Ordizian zazpi zerrenda aurkeztu gara, eta horrek erakusten du Ordizia anitza dela. Frentismoa alde batera utzita, abertzaletasun instituzionala da defendatuko dugun proiektua”. Arizmendik nabarmendu du bere lehentasuna “ordiziarrei eguneroko bizitzan sortzen zaizkien arazoak konpontzea” izango dela.
Joxe Arizmendi ordiziarra da, eta 46 urte ditu. 1995tik 2003ra Ordiziako Udaleko alkateorde izan zen, eta 2007. urtetik Foru Aldundiko Politika Sozialeko departamenduaren planifikazio eta inbertsioetarako zuzendaria da.
Hauteskunde programaren laburpena
Datozen egunetan aurkeztuko duten programaren laburpena egin du Arizmendik aurkezpenean. Hirigintza arloan, esaterako, Ordiziako kasko historikoaren izaera indartzearen alde azaldu da, eta oinezkoentzat espazio gehiago sortuko dituztela iragarri du. “Aparkalekuena ez da Ordiziak duen gabezia nagusia, baina Arboladian lurpeko aparkalekua egitea proposatzen dugu”. San Joango hirigintza proiektuari ere jarraipena eman beharko zaiola gogoratu du, baina aurrera begira alokairuzko etxebizitzak sortzearen alde hitz egin du. Era berean, San Bartolome auzoa “liberatzeko” trenbidea lekuz mugitu beharko dela esan du. “Hori egin bihur dadin lan egingo dugu”.
Ekonomia biziberritzeko, berriz, Arizmendik esan du enpresa mailan Ordizia “mugatuta” dagoela, eta hori dela eta, Ordiziako merkataritza eta zerbitzuak indartzearen aldekoa dela. “Jendeari erraztasunak eman behar zaizkio Ordiziara etortzeko”.
Arizmendiren arabera, gizarteak gaur egun duen arazo nagusietako bat gizartearen beraren zahartzea da, eta horri aurre egiteko, adinekoen dependentziaren aurka eta zahartzea aktiboaren alde lan egingo dutela adierazi du. “Ordizian boluntarioek egiten duten lana ez nuke aipatu gabe utzi nahi, ezta Nagusilanek egiten duena ere”.
Hamaikabaten “berme bikoitza”
Pello Gonzalez H1!eko diputatu nagusirako hautagaiaren esanetan, Hamaikabatek “berme bikoitza” eskaintzen dio Gipuzkoako, eta kasu honetan Goierriko, gizarteari. “Alde batetik, parte hartzea, gardentasuna eta kontuak ematea bezalako balioak defendatzen dituen gobernu onaren bermea; eta bestetik, Gipuzkoan gizarte kohesioa, langabezia, ekonomia krisia, gizarte zerbitzuak, garraio publikoa, azpiegiturak eta hondakinen kudeaketa bezalako gaiak konpontzeko lehentasuna bermatuko duen proiektua”.