Bildu hauteskundeetan izango da, Auzitegi Konstituzionalak zerrenda guztiak onartu eta gero
Bildu maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan izango da. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du duela bost egun Gorenak ateratako ebazpena, eta baiezkoa eman die Bildu koalizioak aurkeztutako 254 zerrendei, tartean, Goierriko 15 herritakoei. Gauerdia pasata, eta ofizialki hauteskunde kanpaina hasita zela jakinarazi dute erabakia. Bozketa Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkuran egin dute eta estua izan da; 6 epailek legeztatzearen alde egin dute eta 5ek kontra.
Konstituzionalak bi zatitan eman du erabakiaren berri, eta horrek hainbat gaizki ulertu sortu ditu aurreneko minutuetan. Batetik, Gorenaren erabakia atzera bota edo ez eztabaidatu dute. Gero, gauerdia pasata, Bilduren zerrendei bide eman dien erabakia hartu dute. Bi bozketetan, sei epailek egin dute Bilduren alde eta bostek konta. Datozen egunetan argitaratuko dute ebazpena.
Hala, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta independienteek osatutako zerrenda guztiek parte hartu ahal izango dute maiatzaren 22ko hauteskundeetan.