Lazkaomendiko jaietan, jendetza eta giro paregabea
Orain bai. Lazkaoko festa aldia bukatu da, udaberriari dagokionez behintzat. Sanprointzioen ondoren, Lazkaomendiko festek osatu dute jendearen atsegina. Larunbatean, eta batez ere igandean –egin zuen eguraldi eguzkitsuarekin– festaleku handi izan z...
Orain bai. Lazkaoko festa aldia bukatu da, udaberriari dagokionez behintzat. Sanprointzioen ondoren, Lazkaomendiko festek osatu dute jendearen atsegina. Larunbatean, eta batez ere igandean –egin zuen eguraldi eguzkitsuarekin– festaleku handi izan zen Lazkaomendiko gaina.
Larunbat goizean gazte mailako 35. txirrindulari proba jokatu zen. Asier Unanue aramarrak (Caja Rural) irabazi du (2:04:59). 80 kilometroko ibildea osatuta –Olaberria eta Lazkaomendi, azken igoeran, zituzten mendateak–, helmugan 5 segundo atera zizkien Asier Gandarias taldekideari eta Xabier Bengoetxeari (Buruntzazpi). Sailkapen osoa:
Lazkaomendiko 35. Txirrindulari Proba. Sailkapena
Igandean goiz-goizetik hasi zen egitaraua. Ibilaldi neurtua egin zuen guraso eta haur multzo handi batek. Eguerdi alderako Lazkaomendira inguratu, eta haur jolasak zituzten prestatuta. Mañukorta eta Zeberio bertsolariak ere bai, baita Lazkaotxiki musika eskolako trikitilariak eta Oin-Aringo dantzariak ere. Itxurrene aurrea zen denen bilgunea. San Joan Ante Portam Latinam izen luzeko ermita koxkorrean meza izan zen, udal agintarien presentziarekin.
Igande arratsaldean herri kirol erakustaldia, bertsolarien kantua eta Ansorregi eta Larrañaga trikitilarien jarduna izan ziren erromeriaren osagai. Behean, igandeko argazki batzuk (Argazkilaria: Mikel Albisu).