Gabiriako 65 erretiratuk ospatu dute beren eguna, bi omendurekin
Gabiriako kultura egitarauaren barruan, igandean ospatu zuten herriko erretiratuek beren eguna. 65 bat lagun elkartu ziren udalak antolatutako ekitaldietan. Meza entzun, Goruntz taldearen dantza saioa ikusi eta taldeko argazkia atera zuten gero eskolak...
Gabiriako kultura egitarauaren barruan, igandean ospatu zuten herriko erretiratuek beren eguna. 65 bat lagun elkartu ziren udalak antolatutako ekitaldietan. Meza entzun, Goruntz taldearen dantza saioa ikusi eta taldeko argazkia atera zuten gero eskolako eskaileretan.
Osinalde elkartean egin dute aurten bazkaria, eta «giro bikainean» joan zen arratsa. Bazkalondoa bertsolariek eta musikariek alaitu zuten; opari banaketak –masaje gailuak– eta sarien zozketak –botila ardoak eta lore sortak– egin zituzten.
Festan ziren eta aurretik omenik jaso gabe zeuden bi jubilatu adintsuenak omendu zituen udalak. Lontxo Arratibelek (Agerreberri Goikoa) eta Anita Zubizarretak (Urkiztegi) jaso zuten alkatearen partetik oroigarria.
Gazte Lokalekoek liburu azoka egin zuten larunbat-igandeetan.
Eskola-umeen antzerkia bihar
Atzo Leire Muruak Dominikar Errepublikari buruz hitzaldia egin ondoren, bihar segiko du kulturaldiak. Balentzategi eskolako haurrek antzerki, kantu eta bertso ikuskaria prestatu dute. 17:00etan hasiko da, antzokian. Goierriko beste eskola batzuetako ikaskideentzat gaur egingo dute antzerki bera.
Nekazariek ere bihar ospatuko dute San Isidro zaindariaren festa, egunaren bezperan. Ostatuan bazkaria egingo dute, izena aldez aurretik emanda dutenek.
Bestetik, Ane Miren Aizpuru irakasleak prestatutako argazki erakusketa ikusgai dago, antzokiko sarreran. Herriko bozaderen eta baserrietako labeen irudiak dira, ondare arkitektoniko zaharraren testigantzak jasotzeko helburuz aurten ateratakoak.