Legorretan berdintasuna eta partaidetza mezu, herrian sortutako bi hautagaitzen partetik
HAUTESKUNDEAK LEGORRETAN Legorretan herrian bertan osatu dituzten Bildu eta Legorreta Bizirik hautagaitzek partaidetzari egin diote bakoitzaren programetan lehen erreferentzia. Legorretar guztien interesak «maila berean defendatuko» ditu Bilduk, «guztiok gara lehen mailakoak» esanez. Legorreta Bizirirek «alderdikerietatik kanpo» jarduteko konpromisoa erakutsi zuen aurkezpen oharrean. Bilduren eta Legorreta Biziriken hautagaitzekin batera, alderdi orokorren beste bi zerrenda ere badira Legorretan. PPk Maria Isabel Olarte jarri du zerrendaburu; PSE-EEtik lehendabiziko Arritxu Marañon dago. Bildu atera dituen goiburuak hauexek dira: udal kudeaketan gardentasuna; ongizatean hurbiltasuna; zerbitzuetan eraginkortasuna; kulturan, euskaran eta kirolean parte-hartzea; ingurumenean begirunea; etxebizitzan eta hirigintzan oreka; ogasunean erantzukizuna; eta teknologia berrien arloan informazioa. Proposamen zehatzen artean, eguneko zentroa herrian jartzeko bideragarritasuna aztertuko du Bilduk. Tren geltoki berriaren proiektuari «azken bultzada» eman nahi diote, baita AHTk kaltetutakoei lagundu ere. Boluntario taldeak sortu, Oriarko jauregi aurreko zelaian aisialdirako parkea sortu, baratze publikoak ipini, zinema berritzeko proiektua garatu, Aizpe-Iriarte eta Zubiaurreko eremuetan babeseko etxebizitzak eraikitzea dira, besteak beste, asmo batzuk. Udal kudeaketa batzorde parte-hartzaile eta irekiekin jarraituko dute, erabaki ahalmenarekin. Erabakiak hartzeko «herriatarren iritzia kontuan hartu» eta kontsulekin eta deialdiekin baliatu nahi du Bilduk. Udal aldizkaria indartu nahi du. Lanpostuak eta azpiegiturak sortzeko diru laguntzak biltzeko lana jarri diote bere buruari. Administrazioa berritu Legorreta Bizirikek ere herritarrek [...]
HAUTESKUNDEAK LEGORRETAN
Legorretan herrian bertan osatu dituzten Bildu eta Legorreta Bizirik hautagaitzek partaidetzari egin diote bakoitzaren programetan lehen erreferentzia. Legorretar guztien interesak «maila berean defendatuko» ditu Bilduk, «guztiok gara lehen mailakoak» esanez. Legorreta Bizirirek «alderdikerietatik kanpo» jarduteko konpromisoa erakutsi zuen aurkezpen oharrean.
Bilduren eta Legorreta Biziriken hautagaitzekin batera, alderdi orokorren beste bi zerrenda ere badira Legorretan. PPk Maria Isabel Olarte jarri du zerrendaburu; PSE-EEtik lehendabiziko Arritxu Marañon dago.
Bildu atera dituen goiburuak hauexek dira: udal kudeaketan gardentasuna; ongizatean hurbiltasuna; zerbitzuetan eraginkortasuna; kulturan, euskaran eta kirolean parte-hartzea; ingurumenean begirunea; etxebizitzan eta hirigintzan oreka; ogasunean erantzukizuna; eta teknologia berrien arloan informazioa.
Proposamen zehatzen artean, eguneko zentroa herrian jartzeko bideragarritasuna aztertuko du Bilduk. Tren geltoki berriaren proiektuari «azken bultzada» eman nahi diote, baita AHTk kaltetutakoei lagundu ere. Boluntario taldeak sortu, Oriarko jauregi aurreko zelaian aisialdirako parkea sortu, baratze publikoak ipini, zinema berritzeko proiektua garatu, Aizpe-Iriarte eta Zubiaurreko eremuetan babeseko etxebizitzak eraikitzea dira, besteak beste, asmo batzuk.
Udal kudeaketa batzorde parte-hartzaile eta irekiekin jarraituko dute, erabaki ahalmenarekin. Erabakiak hartzeko «herriatarren iritzia kontuan hartu» eta kontsulekin eta deialdiekin baliatu nahi du Bilduk. Udal aldizkaria indartu nahi du. Lanpostuak eta azpiegiturak sortzeko diru laguntzak biltzeko lana jarri diote bere buruari.
Administrazioa berritu
Legorreta Bizirikek ere herritarrek parte har dezaten batzorde irekien alde egin du, eta ideiak proposatzeko foroa sortu nahi du. Administrazio «arin eta eraginkorragoa» lortu nahi du, e-administrazioaren joerara hurbilduta.
Etxebizitza arloan, legealdi honetan onartu den plan orokorra landuko eta osatuko dute, «Legorreta zabaltzeko beharrezko eremuak kanpoan utzi baitira».
Herri Zinema «erabilera anitzeko espazio» izatea nahi du Legorreta Bizirikek, entsegu, emanaldi eta kontzertu aretoekin. Legorreta herri gisa Ordiziatik banandu zeneko 400. urteurrena 2015ean dela-eta ekitaldiak prestatzeko asmoa iragarri dute.
Ongizatean, adinekoen zerbitzurako eguneko zentroa eta tutelatutako etxebizitzak proposatu ditu. Kirol arloari dagokionez, «kirol gune txiki bat» eraikitzeko asmoa agertu dute, kanpoko igerileku eta guzti. Renferen herriguneko tren geltokia, «onartuta baina egiteko» dagoena, ahal den azkarren egin nahi dute. Gas naturala herrira ekartzeko asmoa ere iragarri dute.
Herriko bi hautagaitzek gaur iluntzean aurkeztuko dituzten beren programak eta proposamenak herritarren aurrean. Legorreta Bizirikek gaur, ostirala, 19:00etan du ekitaldia, udaletxeko batzar aretoan. Bilduk 20:00etan, Herri Zineman.