Ludoteka ibiltariaren bigarren saioa egingo dute bihar
Berritsu eta Txelotxe ludotekak kalera irtengo dira bihar, eta Igartzako oinezkoen pasealekuan egingo dituzte ekintzak. Herriko auzo guztietara zabaldu nahi dute ludoteka zerbitzua, baina oraingoz erdigunean eta Ezkiaga auzoan bakarrik eskaintzen dute...
Berritsu eta Txelotxe ludotekak kalera irtengo dira bihar, eta Igartzako oinezkoen pasealekuan egingo dituzte ekintzak. Herriko auzo guztietara zabaldu nahi dute ludoteka zerbitzua, baina oraingoz erdigunean eta Ezkiaga auzoan bakarrik eskaintzen dute. Horregatik, urte hasieran bi ludoteketako kudeatzaileek azaldu zuten bezala, urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dituzte ludoteka zerbitzurik ez dagoen auzotarrentzat eta gainerako herritarrentzat.
Bigarren aldia izango da biharkoa ludoteka Igartza auzora gerturatzen dena, eta oraingoan ere eskulanak, marrazkiak egiteko aukera, komikiaren txokoa, mahai jolasak, txilipurdi gunea, talde jolasak, aurpegi margoketa… antolatu dituzte. 17:30etik 19:30era eskainiko dute ludoteka zerbitzua bihar Igartza pasealekuan.
Adin ezberdinetako haurrentzat ekintzak antolatzeko, ludotekan egunero erabiltzen duten materiala erabiliko dute bihar ere. Informazio panelak ere jarriko dituzte, ludoteka zer den eta haurren heziketan zertan lagundu dezakeen azaltzeko.