Herrikoek herritarrentzat
Idiazabalen hamaika zinegotzi aukeratuko dituzte herritarrek maiatzaren 22an; horietatik bat alkate izendatuko dute gero. Lau taldek aurkeztu dituzte zerrendak, baina bi dira herritarrek osatutakoak: Bildu eta Izal Bai. Bilduk parte-hartzea sustatuko duen Udala proposatzen du, «irekia, gardena, gertukoa». Hirigintza alorrean, 1987ko Arau Subsidiarioak daude indarrean, eta arau berriak behin betiko bukatu behar dira Bilduren ustez. Etxebizitzaren gaian, etxe hutsen erabilpenari eman nahi dio lehentasuna Bildu koalizioak. Etxebizitza tasatuak ez ezik, alokairuzkoak eraikitzea ere aztertu nahi du. Bilduren ustez gizarte zerbitzuak ezezagunak dira askorentzat, eta horiek ezagutzera eman behar dira. Etorkinen integraziorako harrera plana sortu behar da, eta generoen arteko desberdintasunari «modu integralean» erantzun behar zaio. Lehen sektoreari «besteei bezalako garrantzia» eman behar zaio. Bilduren iritziz, Idiazabalek garapen handia izan du azken urteetan, baina lotarako herria bihurtu ez dadin bizitza sozialaren eta komertzialaren aldeko apustua egin behar da. Bestalde, langabeziaren eta murrizketa sozialen aurrean «Udalak jarrera aktibo batekin erantzun behar du». Bilduk pentsatzen du gazteria Idiazabalen oraina eta etorkizuna dela. «Horregatik, egun bizi duen egoeraren aurrean, arlo desberdinak jorratzen dituen gazte politika garatzea ezinbestekoa da». Kulturari dagokionean, Bilduren ustez kultura plan bat definitu behar du Udalak, eragileekin eta kultur taldeekin batera. Euskara ikasi eta erabiltzeko eskubidea bermatu behar dela ere esaten [...]
Idiazabalen hamaika zinegotzi aukeratuko dituzte herritarrek maiatzaren 22an; horietatik bat alkate izendatuko dute gero. Lau taldek aurkeztu dituzte zerrendak, baina bi dira herritarrek osatutakoak: Bildu eta Izal Bai.
Bilduk parte-hartzea sustatuko duen Udala proposatzen du, «irekia, gardena, gertukoa». Hirigintza alorrean, 1987ko Arau Subsidiarioak daude indarrean, eta arau berriak behin betiko bukatu behar dira Bilduren ustez. Etxebizitzaren gaian, etxe hutsen erabilpenari eman nahi dio lehentasuna Bildu koalizioak. Etxebizitza tasatuak ez ezik, alokairuzkoak eraikitzea ere aztertu nahi du.
Bilduren ustez gizarte zerbitzuak ezezagunak dira askorentzat, eta horiek ezagutzera eman behar dira. Etorkinen integraziorako harrera plana sortu behar da, eta generoen arteko desberdintasunari «modu integralean» erantzun behar zaio.
Lehen sektoreari «besteei bezalako garrantzia» eman behar zaio. Bilduren iritziz, Idiazabalek garapen handia izan du azken urteetan, baina lotarako herria bihurtu ez dadin bizitza sozialaren eta komertzialaren aldeko apustua egin behar da. Bestalde, langabeziaren eta murrizketa sozialen aurrean «Udalak jarrera aktibo batekin erantzun behar du».
Bilduk pentsatzen du gazteria Idiazabalen oraina eta etorkizuna dela. «Horregatik, egun bizi duen egoeraren aurrean, arlo desberdinak jorratzen dituen gazte politika garatzea ezinbestekoa da». Kulturari dagokionean, Bilduren ustez kultura plan bat definitu behar du Udalak, eragileekin eta kultur taldeekin batera. Euskara ikasi eta erabiltzeko eskubidea bermatu behar dela ere esaten du.
Izal bai
Izal Bai hautesle elkarteak aipatu du krisiaren aurrean «arduraz» jokatuko duela: «Gastu arrunta kontrolatuz, inbertsio estrategikoak ahal den neurrian eginez eta oreka soziala bermatuz». Bestalde, Izal Baik uste du industrialdeen promozioak indarra hartu beharko lukeela. Horretarako, poligonoen promozioan, mantenuan, eta berrindartzean Guardi Gain S.A.az baliatzeaz gain, Goiekirekin harreman estua izango du.
Izal Bairen ustez, «herriko komertzioaren alde egitea, herriaren alde egitea da», eta horregatik bertako komertzioa sustatzeko konpromisoa hartu du.
Hirigintza arloan arau subsidiarioak bukatu eta onartzeko bidea egingo du Izal Baik, eta etxebizitzei dagokionean, prezio tasatukoak eraikitzen segitu nahi du. Bestalde, alokairuko etxebizitzen poltsa sortzeko asmoa ere badu.
Ongizate arloan Pilarreneako eguneko zentroarekin eta beste zenbait zerbitzurekin «ematen ari garen kalitateari» eutsi egin nahi dio. Zentzu horretan Goierriko herri txikien arteko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea sortzea estrategikotzak jo du.
Joan den legegintzaldian haur eskola eraiki zuten Idiazabalen. Orain Eusko Jaurlaritzaren esku dago herri eskola handitzea, eta Izal Bai buru belarri arituko da eskolaren arazoari irtenbidea eman diezaion.
Azkenik aipatu, Izal Bairen ustez zenbait kirol ekipamendu txiki edo zaharkituta geratu direla. Horregatik, frontoia berritu eta soinketa gela frontoiaren inguruan egokitu nahi du.












