“Udal kudeaketa eredu berria” jarriko du martxan Bildu koalizioak Ordizian
Ordizian “aro berri bat ireki” nahi du Bilduk, eta horretarako tresna nagusia «udal kudeaketa eredu berria» ezartzea izango da. “Udalaren funtzionamendua demokratizatu eta herritarren benetako parte hartzea bultzatu nahi dugu”. Eredu hori abian jartzeko herriko kultur, kirol eta aisia taldeetako pertsonak bildu dituzte «lan talde zabaletan», koalizioak dioenez. Herri programa gaika azalduko dute aste honetan, egunero bilerak eginez. Atzo arratsaldean bertan, kirolari buruz aritu ziren Barrenan, herriko kirol talde eta norbanakoekin. Ostiralean, berriz, ekitaldi politikoa eta festa egingo dituzte Plaza Nagusian, 20:00etan. Kudeaketa eredu berri horretan “gardentasuna” izango du ikur Bilduk, “bai aurrekontuak erabakitzerakoan eta baita kontratazioetan ere”. Zer politikari segi erabakitzerakoan, “ikuspegi integral eta estrategikoa” izango du Bilduk. “Ordiziaren zerbitzurako Ordiziaren garapena bultzatuko dugu”. Udal politikaren ardatzak Lau dira Ordiziako Bilduk udalera eraman nahi dituen printzipio eta konpromiso politikoak: elkarlana, emakumea, euskara eta iraunkortasuna. “Sentsibilitate ezberdinetako gizon eta emakumeok Bildun bat egin dugu, batzen gaituena lehenetsi dugulako. Printzipio politiko garbiek presente egon behar dute udalaren jardunetan”. Elkarlan horren barruan, gazteekin lankidetzan aritzea lehenesten du Bilduk. “Gazteak herritar oso gisa hartu behar ditu udalak”. Bilduren arabera, gazteek edozein herritarren “behar berberak” dituzte, eta behar horiei aurre egiteko “politika espezifikoak” sustatu beharko lituzke udalak. “Udalak gazteekin elkarlanean jardun behar du, beti [...]
Ordizian “aro berri bat ireki” nahi du Bilduk, eta horretarako tresna nagusia «udal kudeaketa eredu berria» ezartzea izango da. “Udalaren funtzionamendua demokratizatu eta herritarren benetako parte hartzea bultzatu nahi dugu”. Eredu hori abian jartzeko herriko kultur, kirol eta aisia taldeetako pertsonak bildu dituzte «lan talde zabaletan», koalizioak dioenez. Herri programa gaika azalduko dute aste honetan, egunero bilerak eginez. Atzo arratsaldean bertan, kirolari buruz aritu ziren Barrenan, herriko kirol talde eta norbanakoekin. Ostiralean, berriz, ekitaldi politikoa eta festa egingo dituzte Plaza Nagusian, 20:00etan.
Kudeaketa eredu berri horretan “gardentasuna” izango du ikur Bilduk, “bai aurrekontuak erabakitzerakoan eta baita kontratazioetan ere”. Zer politikari segi erabakitzerakoan, “ikuspegi integral eta estrategikoa” izango du Bilduk. “Ordiziaren zerbitzurako Ordiziaren garapena bultzatuko dugu”.
Udal politikaren ardatzak
Lau dira Ordiziako Bilduk udalera eraman nahi dituen printzipio eta konpromiso politikoak: elkarlana, emakumea, euskara eta iraunkortasuna. “Sentsibilitate ezberdinetako gizon eta emakumeok Bildun bat egin dugu, batzen gaituena lehenetsi dugulako. Printzipio politiko garbiek presente egon behar dute udalaren jardunetan”.
Elkarlan horren barruan, gazteekin lankidetzan aritzea lehenesten du Bilduk. “Gazteak herritar oso gisa hartu behar ditu udalak”. Bilduren arabera, gazteek edozein herritarren “behar berberak” dituzte, eta behar horiei aurre egiteko “politika espezifikoak” sustatu beharko lituzke udalak. “Udalak gazteekin elkarlanean jardun behar du, beti ere haien autonomia eta antolatzeko erabakitzeko guneak errespetatuz”. Era berean, Bilduk beharrezko ikusten du “sentsibilitate ezberdineko” gazteak bilduko lituzkeen guneren bat antolatzea.
Kohesio soziala helburu
Gizarte ongizatearen alorrean, behar larrienak dituzten sektoreen alde “kalitatezko zerbitzuak” antolatuko ditu Bilduk. “Neurriak hartu behar dira zerbitzu sozialen erabateko mendekotasunean eror litezkeen herritarrentzat alternatibak bilatzeko”. Zeregin horretan “kohesio soziala” izango du irizpide, “etorkinen integrazio osoa bultzatzeko harrera plana prestatuz”. Horiez gain, udalaz gaindiko erakundeei (Foru Aldundiari eta Jaurlaritzari) “beren ardurak osorik betetzeko” exijituko diete.
Arau Subsidiario berriak onartzea eta gauzatzea dira hirigintza arloan Bilduk dituen helburu nagusiak. “Hiriaren garapen orekatua behar dugu, iraunkortasunari lotua eta herritarren beharrak asetuko dituena”. Alokairu sozialeko etxeak eraikitzea, eta hutsik dauden etxeak alokairuan merkaturatzea dira Ordiziako Bilduren erronkak. Irisgarritasuna bermatzea, auzoak zaintzea, aparkalekuak sortzea eta oinezkoentzat guneak sortzea dira beste helburuak. “Esleipenetan, kontratazioetan edota obren jarraipenean udalak izan behar du kudeaketaren ardura”, Bilduk nabarmendu duenez.
Ingurumenari dagokionez, Oiangu parkerako “alternatiba bultzatuko” dute, Agenda 21erako ekintza plan “eraginkorra” sortuz. “Zaborra gutxitzea, ingurumenarekiko praktikak bultzatzea eta bidegorri sarea zabaltzea” dira plan horren ardatzak.
Euskara eta kultura
Euskararen normalizazioan Bilduk argi du “urrats eraginkorrak egiteko konpromiso politiko handiagoa” izan behar duela udalak. “Euskara zeharlerroa da gure politikagintzan”. Kulturan, berriz, “egitura dinamikoak antolatuko” ditu, “herriko bizitza kulturala bultzatzeko”. Horrez gain, erabilera anitzeko “azpiegitura berri eta funtzionala” sortuko dute.
Aurrekontuak osatzerakoan “herriaren ikuspegi estrategikoa” hartuko dute kontuan, eta udalaren egungo egoera zein den jakiteko “kontu-ikuskapena” egiteko asmoa adierazi dute.













