Elkarlanaren aldeko aldarria, oinarrian
Gabiriarrek zazpi zinegotzi aukeratuko dituzte maiatzaren 22an (horietako bat gero alkate izendatuko dute). Hiru taldek aurkeztu dituzte hautagaitzak Gabirian. Horietatik bi herritarrek osatutakoak dira: Auzo Artea eta Gabiria Aurrera. Hirugarrena PPk osatu du. Auzo Arteak herri parte hartzailea nahi du. «Udalari herria dinamizatzea eta herritarrei ateak irekitzea dagokio, ez ixtea». Herri programa atera aurretik, inkesta egin du herrian, eta bertan bildutako iritziak kontutan hartuta osatu du proposamena. Auzo Artearen hitzetan «emaitzak aztertu ondoren ikusi dugu Udalak arreta maila handiena herriguneari ematen diola». Horregatik, auzoei arreta maila handiagoa eskaintzea da helburua. Gabiriako gehiengo zabala baserritarra denez, beraien kezkei eta proposamenei buruz hitz egiteko «talde sendo» bat osatu nahiko luke Auzo Arteak. Herrigunean ere badaude hobetu beharreko guneak, esaterako jolas parkea. «Herritarrak herrian geratzeak sortzen duen giroa kontutan hartuta», gabiriarrei etxebizitza bat eskura dezaten laguntza eman behar zaie, bere iritziz. Horretarako, alokairu merkeak bultzatzea, etxebizitza ahalik eta modurik egokienean lortzea, etxe eta baserri hutsen zentsoa egitea eta horrek sortu ditzakeen aukerak aztertzea planteatzen du. Kulturan, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak antolatu behar direla dio, eta kultur etxea herritar guztiei ireki behar zaiela «denok baitaukagu berau erabiltzeko eskubidea». Jubilatuentzat txoko baten beharra aldarrikatzen du Auzo Arteak. Bestalde, Auzo Arteak dio azken urteetan herrian, [...]
Gabiriarrek zazpi zinegotzi aukeratuko dituzte maiatzaren 22an (horietako bat gero alkate izendatuko dute). Hiru taldek aurkeztu dituzte hautagaitzak Gabirian. Horietatik bi herritarrek osatutakoak dira: Auzo Artea eta Gabiria Aurrera. Hirugarrena PPk osatu du.
Auzo Arteak herri parte hartzailea nahi du. «Udalari herria dinamizatzea eta herritarrei ateak irekitzea dagokio, ez ixtea». Herri programa atera aurretik, inkesta egin du herrian, eta bertan bildutako iritziak kontutan hartuta osatu du proposamena.
Auzo Artearen hitzetan «emaitzak aztertu ondoren ikusi dugu Udalak arreta maila handiena herriguneari ematen diola». Horregatik, auzoei arreta maila handiagoa eskaintzea da helburua. Gabiriako gehiengo zabala baserritarra denez, beraien kezkei eta proposamenei buruz hitz egiteko «talde sendo» bat osatu nahiko luke Auzo Arteak. Herrigunean ere badaude hobetu beharreko guneak, esaterako jolas parkea.
«Herritarrak herrian geratzeak sortzen duen giroa kontutan hartuta», gabiriarrei etxebizitza bat eskura dezaten laguntza eman behar zaie, bere iritziz. Horretarako, alokairu merkeak bultzatzea, etxebizitza ahalik eta modurik egokienean lortzea, etxe eta baserri hutsen zentsoa egitea eta horrek sortu ditzakeen aukerak aztertzea planteatzen du.
Kulturan, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak antolatu behar direla dio, eta kultur etxea herritar guztiei ireki behar zaiela «denok baitaukagu berau erabiltzeko eskubidea».
Jubilatuentzat txoko baten beharra aldarrikatzen du Auzo Arteak. Bestalde, Auzo Arteak dio azken urteetan herrian, lanerako gogotsu dagoen gaztedia dagoela, eta horregatik garrantzitsua dela Udalaren eta gazteen arteko elkarlana bultzatzea.
Gabiria Aurrera
Gabiria Aurrerak dio, «herri txiki bat kudeatzeak herri handi bat kudeatzeak adinako ahalegina eskatzen duela», eta azken urteetan bezala, aurrerantzean ere horretan ahaleginduko direla «gogoz eta ilusioz beteta».
Gabiria Aurreraren iritziz, auzoen, elkarteen eta beste hainbat eragileren elkarlana ezinbestekoa da «herria ahalik eta ondoen kudeatzeko», eta une oro zubi lana bultzatuko dute «emaitza ezin hobea izan dadin».
Kulturan, kultur etxea «eraikitzea bakarrik ez da nahikoa». Kultur etxeari «bizia» eman behar zaio bere ustez, ekintzaz jantzi. Herri eta azuoetako jaiak, eta sortzen joango diren beste hainbat ekimen ere bultzatuko ditu.
Gabiria Aurreraren hitzetan herri txikien ezaugarri izan da auzolana. «Azken urte hauetan makina bat lan egin dugu auzotarren artean», eta bide hori indartu nahi dute orain ere.
Gurasoek ere badute zeresana bere ustez. «Etxeko haurren eta gaztetxoen bizi kalitatea hobetu nahi dugu»; hezkuntzarik onena izan dezaten ahaleginduko da Gabiria Aurrera. Horretarako, «ezinbestekoa» da guraso guztien parte hartzea, eta hori bultzatzea izango da beraien helburua. Ongizatean, «helduenei zor zaien begirunea» eta zerbitzua hobetzen ahaleginduko dira.
Bestalde auzoak, baserrietako bideak eta beste hainbat azpiegitura txukun mantentzeko «guztien lana beharrezkoa dela dio», eta horretan saiatuko dela.













