Bildu koalizioak gehiengo absolutua lortu du udal hauteskundeetan. «Aldez aurretik bagenekien herritarren gehiengoak bere babesa agertuko zigula, baina egia da pozez hartu ditugula datuak, ez genuelako espero hain onak izatea», esan zuen atzo Kepa Urzelai Bilduko alkateagaiak emaitzak jakin eta gero. Bigarren indarra EAJ izan da, hiru zinegotzirekin; aldea beraz handia izan da. Izan ere, botuen kopuruak alde hori nabarmendu egiten du. Bilduk 2.002 botu lortu ditu, eta Legazpiko errolda, 7.074 biztanlekoa da. Parte-hartze datua %65,76koa izan da, «eta hori hauteskunde egun batean oso ontzat baloratzeko datua da», gehitu du Urzelaik. PSE-EE alderdiari dagokionez, bi zinegotziak mantendu ditu; Jose Morcillok errepikatu egingo du, eta Oscar Valbuena zerrendaburuak lehenengoz ordezkatuko du PSE-EE alderdia. Hamaikabat alderdiak Legazpin zinegotzi bat atera du, Arantza Arizmendi. Lehenengo aldiz aurkeztu dira udal hauteskundeetara marka berri honekin. EAk, urtetan, Legazpiko alkatetza izan eta gero, Hamaikabat alderdiak zinegotzi bakarra atera du; beraz, EAkoak izandako botu gehienak Bildu koalizioak hartu dituela agerian utzi dute emaitzek. Ezker Batuak-Berdeak udaletxean zuen ordezkaria galdu du, Raquel Roperok buru duen zerrenda udalbatzatik desagertuko delarik. PP alderdiak ez du ordezkaritzarik lortu Legazpin.
Altzagako Udaleko bost zinegotziak herriko Artea taldeak beteko ditu. 79 altzagarrek eman diote babesa bertako hautagai zerrendari, eta PPri bik. Hautesle bakoitzak hautagai guztien artetik lau izen eman behar zituen. Honela geratu da bozketa: Andoni ...