Bihar hasiko da BKL-k eta Nazioen Munduak antolatutako garagardo festa
Hainbat urtez antolatu du BKL Beasaingo Kirolaren Lagunak elkarteak garagardo festa Beasainen. Iaz ez zuten antolatu, baina aurten herritarrek eta goierritarrek faltan bota duten festa antolatu dute berriz, Nazioen Mundua ekimeneko kideekin batera. Bihar hasiko da garagardo festa Loinazko San Martin plaza azpian, eta igandera arte luzatuko da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 30 garagardo mota ezberdin probatu ahalko dira asteburuan. «Herrialde ezberdinetako betiko garagardoak izango dira, baita Galizia eta Euskal Herriko garagardoa ere», zehaztu du BKL-ko Iban Condek. Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Herbehereak eta Txekiako garagardoa ekarriko dute festara. Alkoholik gabeko garagardoa eta alkohol tasa baxukoa ere egongo dira. Jatekorik ere ez da faltako, eta halakoetan ohikoak izaten diren menuak jarriko dituzte azokan afaldu nahi dutenen eskura. Festa 18:00etan hasiko da egunero, eta bihar eta igandean 00:00etan utziko diote zerbitzatzeari. Ostiralean eta larunbatean ordubete gehiago arituko dira, 01:00ak arte. Festak izango du garrantzia Condek zehaztu duenez, ekintza eta ekitaldi berezirik antolatzeko asmorik ez dute garagardo festarako: «Asteburuan zehar herriko beste talde batzuek antolatutako ekintzak daude, eta horiei itzalik ez egiteko ez dugu kontzerturik edo ekitaldirik antolatu, batak beste jan ez dezan». Legazpiko batukadaren saioak bakarrik erakarri ahalko du garagardozaleen arreta. Larunbat arratsaldean egingo dute saioa musikariek. Kalerik-kale herrian zehar itzulia [...]
Hainbat urtez antolatu du BKL Beasaingo Kirolaren Lagunak elkarteak garagardo festa Beasainen. Iaz ez zuten antolatu, baina aurten herritarrek eta goierritarrek faltan bota duten festa antolatu dute berriz, Nazioen Mundua ekimeneko kideekin batera.
Bihar hasiko da garagardo festa Loinazko San Martin plaza azpian, eta igandera arte luzatuko da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 30 garagardo mota ezberdin probatu ahalko dira asteburuan. «Herrialde ezberdinetako betiko garagardoak izango dira, baita Galizia eta Euskal Herriko garagardoa ere», zehaztu du BKL-ko Iban Condek.
Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Herbehereak eta Txekiako garagardoa ekarriko dute festara. Alkoholik gabeko garagardoa eta alkohol tasa baxukoa ere egongo dira. Jatekorik ere ez da faltako, eta halakoetan ohikoak izaten diren menuak jarriko dituzte azokan afaldu nahi dutenen eskura.
Festa 18:00etan hasiko da egunero, eta bihar eta igandean 00:00etan utziko diote zerbitzatzeari. Ostiralean eta larunbatean ordubete gehiago arituko dira, 01:00ak arte.
Festak izango du garrantzia
Condek zehaztu duenez, ekintza eta ekitaldi berezirik antolatzeko asmorik ez dute garagardo festarako: «Asteburuan zehar herriko beste talde batzuek antolatutako ekintzak daude, eta horiei itzalik ez egiteko ez dugu kontzerturik edo ekitaldirik antolatu, batak beste jan ez dezan».
Legazpiko batukadaren saioak bakarrik erakarri ahalko du garagardozaleen arreta. Larunbat arratsaldean egingo dute saioa musikariek. Kalerik-kale herrian zehar itzulia egingo dute, Loinazko San Martin plazan amaitzeko.
Azoka gunean, lau telebista handi ere jarriko dituzte, Nazioen Mundua ekimenak antolatu dituen bidaia eta ekintza ezberdinetako eta BKL-ko eskubaloi taldekoen irudiak ikusi ahal izateko. Larunbatean Txapeldunen Ligako partida ere ikusi ahalko da.
Jendeak «ilusio handia» duela gaineratu du Condek, eta asteburu guztian zehar festa bikaina egongo dela Beasainen. «Ordizian egingo duten Bardulos motorzaleen festarekin ere bat egin nahi dugu, ea bertaratzen den baten bat ere Beasainera gerturatzen den, eta alderantziz».
4×4 saskibaloi txapelketa
Beasaingo Kirolaren Lagunak elkartea sortu zela 25 urte betetzen dira aurten, eta elkarteko kideek hainbat ekintza antolatu dituzte urte hasieratik. Hurrengoa, asteburuan izango da: 4×4 saskibaloi txapelketa.
Ostiral arratsaldean eta larunbatean egun osoz jokatuko dira partidak Antzizar kiroldegian. Ostiralean 18:00etatik 22:00etara, eta larunbatean 09:00etatik 21:00etara, atsedenik gabe. Partida bakoitzak 13 minutuko iraupena izango du, eta izena emandako talde bakoitzak gutxienez lau partida jokatu beharko ditu. Lau taldeko bost multzo osatu dituzte antolatzaileek, eta talde bakoitzak zein aurkari izango duen jakiteko www.bkl-adb.com helbidean begiratu daiteke.
Txapelketan parte hartuko duten jokalari guztiek, urteurreneko kamiseta jasoko dute opari, eta lehen hiru taldeek bestelako opariak ere jasoko dituzte. Lehiaketa irabazten duen taldeak eta bigarren sailkatzen denak, garaikurra eta Artzai Enea jatetxean afaria jasoko dute opari. Hirugarren egiten duen taldeak, berriz, produktu ezberdinekin osatutako saskia.