Koldo Urrestarazuren 10. Zegama-Aizkorri maratoia
10 urte atzera eginez, Aizkorri-Zegama izango zen mendi lasterketen aintzindaria.
Harrezkeroztik hasi ziren hemen mendi lasterketak. Aurten uste dut 40 bat mendi lasterketa badaudela. Izugarria da hori. Apiriletik hasi eta urri erdira arte izaten dira. Izugarrizko booma dago. Aizkorri izan zen bultzatzailea. Aizkorriko maratoiari esker hasi zen jendea mendian gehiago ibiltzen eta mendi lasterketak ezagutzen.
Berezia al da Aizkorri?
Berezia ez dakit. Gustatzen zaidan proba bat da. Hemen etxean bertan dago, maratoi distantzia da(beti ibili naiz gustura distantzia horretan), parajeak zoragarriak dira entrenatzeko eta ibiltzeko. Antolaketak egiten duen esfortzua ere eskertu beharra dago. Lan handia egiten du urtero. Detaile guztiak zaintzen dituzte. Herri guztia inplikatzen da eta dena oso ondo zainduta daukate. Ez bakarrik profesionalak direnentzat, partaide guztientzat, eta hori baloratu egiten da; behin proba bat egiten duzunean zabaldu egiten duzu inguruan. Aizkorrik hori badauka. Urtero-urtero ondo zaindu dute.
Uste dut lehenengo bi urteak herrikoiak izan zirela. Munduko zirkuituan 3. edo 4. urtean sartu zen baina ordura arte ni ilusio berdinarekin aritzen nintzen. Lehen eta orain, berdin- berdin.
Aizkorri-Zegamak lehenengo ediziotik izan du arrakasta.
Sanferminetan izan zen aurrenekoa. Lehenengo bi edizioak, uztaileko lehenengo igandean izaten zen. Izugarrizko beroa egin zigun. Lehenengo urtea zen, eta ilusioa nahi duzun guztia, baina horrelako proba bati neurria hartu gabe geunden. Gogoratzen naiz, bai ni eta bai jende asko, larri ibili ginela kalanbreekin eta bukatzeko asko sufritu genuela. Baina horrela ikasten da. Nik uste dut orain neurria hartuta daukagula.
Aizkorri, egin zenuen lehenengo mendi lasterketa izan al zen?
Ez. Anaiak eta biok, Bizkaia eta Burgos artean egiten dena Galarleiz egin genuen. Oraindik ere egiten da proba hori. Maratoia da. Burgosen hasi eta Bizkaian, Zallan, bukatzen da. 1999an izan zen. Biok egin genuen proba bezala. 2000. urte inguruan ere bazen beste bat: Gasteizen hasi eta Gorbean bukatzen zen. Erdibideko proba bat zen. Lehenengo zatia errepidez eta gero mendian bukatzen zen. Hiru aldiz-edo egin nuen. Hurrengo bi urteetan mendi lasterketarik egin gabe egon nintzen eta gero Aizkorri etorri zen.
Gehienak berriak izango zineten.
Bai. Bakarren batzuk ibiliko ziren aurretik, baina gehienak berriak ginen. 90eko hamarkadan, igoerak ere izaten ziren eta han ibilitakoak baziren. Baina gehienak Aizkorrirekin hasi ginen. Katalanak zebiltzan orduan Piriniotan. Aneto proba egiten zen. Han 10 urte lehenago bazebiltzan eta ohitura bazegoen. Baina hemen nik uste Aizkorrirekin estrenatu ginela jende gehiena.
Gaur egun zozketa egiten da dortsala lortzeko eta nahi duten guztiek ezin dute parte hartu. Garai hartan ez zen horrelako arazorik egongo.
Hasieran nik uste, azkeneko astean deituta ere lekua egoten zela. Uste dut 300 lagunentzako muga zegoela. Orain 450eko muga dago eta aurten 2.000 lagunek deitu dute.
Zuek pribilegioa daukazue, lekua gorde egiten dizuete.
Zerbait eduki behar genuen! Antolakuntzatik hasi ziren, sari modura, urtero ateratzen ginenontzat, lekua ziurtatzen zigutela. Oraindik ere mantentzen da eta egia esanda, eskertu egiten da. Sari moduko bat bezala da. Fideltasuna saritzen dute eta hori eskertzen da.
10. da aurten. Berezia izango al da zuretzat?
Ez pentsa. 10. edizioa tokatzen da. Nire helburua beti izaten da, ondo bukatzea, sentsazio onarekin eta hurrengo urtean errepikatzeko asmoarekin bukatzea. Horri garrantzia gehiago ematen diot denborari baino, ordulariaren menpe ibiltzeari baino. Hurrengo urteei begira ez dut planteatzen. Aurtengoa egingo dut eta aurrera begira, dena ondo baldin badoa eta ilusio eta gogo berdinarekin baldin banago, aterako naiz baina ez baldin banaiz ateratzen ere ez da ezer ere pasatzen. Naturaltasunez hartu behar da. Nire burua ez dut estutzen.
Urtero denbora hobetzen joan al zara?
Ez. 2005ean egin nuen denborarik onena. Eta hortik aurrera, beti, 5 orduko muga horretan ibiltzen naiz. Nik uste dut hori dela nire maila. Hobetu dezakedan? Bai, saiatu zaitezke, baina azken batean zenbateraino prestatzen zara, zenbateraino estutzen duzu burua… Ez diot hainbesteko garrantziarik ematen denborari.
Denborarik onena zein izan da?
4 ordu eta 52 minutu. Lehenengo edizioa 5 ordu eta 38 minutuan egin nuen eta beste guztiak, 4h50min eta 5h15min bitartean ibiltzen naiz.
Faktore asko egongo dira tartean ezta? Eguraldia adibidez.
Eguraldia oso-oso garrantzitsua da. Iaz, elurra eta hotza izan zen. Kontuz ibili beharreko terrenoa zegoen goian. Eta horretara egokitu behar zara. Denbora egitera doana itsu-itsuan, eguraldia ikusten duenean… eragin handia dauka bai eguraldiak.
Urtero parte hartzeko, gogoa izan eta entrenatzeaz gain, zortea ere beharko da.
Zorte handia! Ez lesionatzea adibidez. 10 edizio hauetan ez dut inolako arazorik eduki lesioei dagokienean. Alderdi horretan zortea eduki dut, baina zorte ere bilatu egin behar da. Zaindu egin behar da eta ni behintzat saiatzen naiz oso metodikoa izaten, egunerokotasunean zaintzen. Bai kirola egiten, bai gorputza zaintzen. Estiramenduak direla… aurredenboraldian gimnasioa ere oso garrantzitsua da muskularki gorputza indartzeko. Pilates ere egiten dut astean bitan. Horrek ere asko laguntzen du gorputza indartzeko, flexibilitatea lortzeko. Horrek ere laguntzen du lesioak saihesten. Prebentzio bezala, niri behintzat ondo joan zait. Arina ere banaiz eta horrek ere bentaja badauka neurri baten.
Europa mailako txapelketa, mundu mailako txapelketa izaten hasi zenean, antzeman zenuten ezberdintasunik?
Herrikoia zenean eta Europako eta mundu mailan sartu zenean, ilusio berdinarekin joan izan naiz. Korrikalarien artean eztabaida sanoa sortu zen: kanpotik nor etorriko ote zen, zein denbora egingo zuten… Antolakuntzari begira positiboa izan da prestigioa eman dio, baina guretzat berdina da. Nik beti esaten dut: lehenengo edizioa izango balitz orain ere, aterako nintzatekeela gustura asko. Baina polita da horrelako jendea horrela proba batean ikustea. Normalean gainera, gertuko jendea izaten da, hitz egiteko ez da arazorik izaten, jende jatorra da. Poza ere ematen dizu horrelako jendearekin egotea.
Journet korrikalari gaztea marka guztiak hausten ari da.
Ez dakit ezagutuko dugun horrelako maila daukan kirolari bat. Hain gaztea izanda gainera! Ez bakarrik Aizkorri. Distantzia luzeagotan, kilometro bertikaletan, motzetan… denean ematen du maila. Iraupen eskian ere onena da. Izugarria da Aizkorrin parte hartze ikustea.
Aizkorrin daukazun oroitzapenik onena zein da?
Nik uste dut oroitzapenik onena lehenengo edizioa izan zela. Gehiena sufritu nuen baina satisfakzio handiena ere orduan hartu nuen. Batez ere, behin Andraiztik behera, 11 kilometro luze dira, eta azkeneko 4-5 gerturatu zirenean eta ikusi nuenean bukatuko nuela… hunkigarria izan zen. Helmugara sartzea izugarrizko poztasuna izan zen. Horrekin gelditzen naiz. Urtero bukatzeak ere poza ematen dizu, momentu onak pasatzen dituzu, txarrak ere bai. Baina lehenengo edizioarekin gelditzen naiz.
Momentu txarren bat?
Txarra-txarra, bereziki oso gauza txarrik ez daukat. Hori bai, lehenengo edizioan, horrelako lasterketei neurria hartu gabe nengoelako, kalanbreekin asko sufritu nuen. Beste urteren batean, goian, kresterioan, harriren batekin estropozu egin kolperen bat hartu eta min handiarekin egon ere bai. Baina normalean behintzat, ondo eraman izan dut.
“Auskalo zenbat kilometro egiten dudan urtean!”Urtean zenbat kilometro egiten dituzu? Auskalo! Denak apuntatuko banitu…! Zenbat lasterketa? Iaz 15 bat egin nituen. Aurten, dezente gutxiago egingo ditudala uste dut. Orain arte, 3 mendi lasterketetan parte hartu dut, Beasaingo Herri Lasterketan parte hartu nuen eta orain Aizkorrikoa egingo dut. Goierriko Bi Handiak egiteko asmoa ere badaukat. Irailetik aurrera, Usurbeko igoera, Ataungo Herri Lasterketa, Beriaingo Kilometro Bertikala…. Errepidean ere ibiltzen al zara? Astegunean errepidean ibiltzen naiz normalean. Lanetik berandu samar etortzen naiz eta hemen inguruan ibiltzen naiz. Errepideko hiru lasterketa ere egiten ditut. Ikaztegietakoa, Ataungoa eta Josetxo Imaz. Aurten Beasaingoa ere gustatu zait…
“Egunero egiten dudana idazten dut koadernoan”Nolako entrenamenduak egiten dituzu? Autodidakta izan naiz beti. Ez dut entrenatzailerik eduki inoiz ere. Nik jarri ditut entrenamenduak. Nahi dudanean entrenatu dut eta nahi dudana egin dut. Eta hala egiten jarraitu nahi dut. Internetik eta aldizkarietatik informazioa ateratzen dut eta horrek asko laguntzen du. Esperientziarekin entrenamendu modu batzuk ikasten dituzu. Konstantea izaten saiatzen naiz. Nire kasuan behintzat,, sekretua, konstantzian dago. Egunero zerbait egiten dut. Korrika ez baldin bada, bizikleta, edo gimnasio pixka bat, igeri… Horrek laguntzen dizu, urtean zehar, forma bat edukitzen, oinarri bat edukitzen. Badakit entrenatzaile batekin arituz gero, halako probatan, denbora hobea egingo nukeela. Baina hori ez da nire lehentasuna. Kirola egitea, gozatzea da helburua. Batzutan ematea ere gustatzen zait, gorputzaldia probatzeko, baina normalean, kirola egin eta gozatu egiten dut. Denbora edukiz gero, ez dut esaten entrenatzaile batekin ez nintzatekeela arituko. Baina urteetan horrela ibili naiz, eta ondo moldatzen naiz. Gorputza ondo ezagutzen duzu orduan. Ez dut sekula pulsometrorik erabili. Beti sensazioen arabera korrika egin izan dut. Gorputza ondo ezagutzen dut eta horren arabera ibiltzen naiz. Ez naiz oso teknologia zalea. Hori bai, egiten dudan guztia apuntatu egiten dut koadernoan. Hor ikusten dut ze entrenamendu egiten dudan. Zenbat urteko koadernoak dauzkazu? Uff! Nik uste dut 1999an hasi nintzela egunero egiten nuena apuntatzen, eta gaur arte. Egunero, ohera sartu aurretik, idazten dut. Ondo etortzen zait erreferentzi bezala edukitzeko.
“Astakeria hitza nire hizkuntzan ez da sartzen, baina, Ehunmilak beharbada bai, astakeria da”Hasieran Aizkorri astakeria iruditzen zitzaigun, orain, Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak jarri dituzte Beasainen. Hori beste pauso bat gehiago da. Egia da, hasieran, Aizkorri prestatzen eta egiten genuenean, astakeria hitza askotan ateratzen zela. Astakeria zela mendian horrela ibiltzea… Denborak azkenean gauzak bere lekuan jartzen ditu edo ez dakit, ohitu egin gara mendian distantzia horretan ibiltzen. Egiteko modukoa da. Orain bai, beste proba beldurgarri bat jarri dute Beasainen, baina nik uste dut denborarekin, jende batek neurria hartuko diola eta ondo bukatzeko moduan izango direla. Hasiera da eta horrek entrenamendu oso luzeak egitea eskatzen du. Sakrifizio oso handia eskatzen du. Ordu asko sartu behar dira. Iaz Ehunmilak egin nuen eta aurten Goierri Bi Handiak egingo dut, batez ere, urtero prestatzeak, denbora asko kontsumitzen dizulako. Asteburu guztietan mendian sartuta ibiltzea esan nahi du horrek. Astegunetan ere, lanetik atera eta zerbait egin behar duzu… Oso exijentea da. Goierriko Bi Handiak eramangarriagoa dela ikusten da, nahiz eta Aizkorriren bikoitza izan. Astakeria hitza nire hizkuntzan ez da sartzen, baina, Ehunmilak beharbada bai, astakeria da. Zer moduzko esperientzia izan zen Ehunmilak? Orokorrean, ona. Nire helburua bukatzea zen. Egin zuen eguraldia berez, beroa baino nahiago nuen egin nuen. Baina gertatzen dena da, gauez euri asko egin zuela. Aralarren sartu ginenean, itxialdi edo enzerrona bat izan zen. Uztailaren 15-16a zen eta negu gordinean genbiltzala ematen zuen. Laino itxi-itxia, euri dezente, izugarrizko hotza… Zira eta kamiseta batekin zoaz, eta hainbeste ordu mendian ibilita, kalori gabe gelditzen da eta asko sufritu nuen. Hotz handia pasatu nuen. Hori izan zen gogorrena Ehunmilatan. Baina polita, zoragarria izan zen, Etxegaratetik atera nintzenean: bakar-bakarrik, Aizkorriko igoera goizeko 3etan, goizaldean Zerainen nintzen eta egunsentia oso polita izan zen. Helmugara iristea ere oso polita izan zen. Indarrarekin eta gogoarekin iritsi nintzen. Horrelako distantzia luzeko proba batean denetik pasatu liteke. Hori azpimarratzen dugu horrelako proba luzeetan: hankak bezain indartsu edo indartsuago eduki behar duzula burua. Momentu txarrari buelta ematen jakin behar da. Burua engainatu egin behar da. Bakarrik ala lagunen batekin nahiago duzu korrika egitea? Nik bakarrik nahiago dut. Bakarrik entrenatzen dut. Zortea daukat koadrilakoak ere nahiko kirolariak direla eta mendian asko ibiltzen garela. Lagunekin entrenatzea ere suertatzen da. Baina gehien-gehiena bakarrik ibiltzen naiz. Oso gustura ibiltzen naiz bakarrik. Lagunekin oso gustura baina bakarrik joaten naizean ere oso gustura. Ehunmilakeko Aralarreko “itxialdi” horretan bakarrik aritu al zinen? Ez, kasu horretan ere, anaiaren laguntza eduki nuen. Larraitzen elkartu ginen. Pixka bat lagunduko zidala esan zidan. Eskerrak! Txindokitik behera ez nuen ezer ere ikusten, erdi desorientatuta nengoen, anaiaren laguntzari esker aurrera egin nuen. Lizarrustira iritsi nintzenean, aldatzeko arropa eman zidan eta horrek ere asko lagundu zidan. Hotz-hotz eginda iritsi nintzen Lizarrustira, lasterketa uzteko irrikan. Lizarrustitik behera jaisteko tentaziorik ez al zenuen eduki? Momentuan autobusa egongo balitz, dudarik ez izan, jaitsiko nintzela. Etsita nengoen Lizarrustin. Behin baino gehiagotan esaten nuen utzi egin behar nuela. Baina, lehen esan dizudana, lagunek jarraitzeko esaten dizute eta azkenean anaiak Etxegarateraino lagundu zidan, eta behin Etxegarateraino iritsita, utzi? Ez da pentsatu ere! Beste 10 ordu egin nituen bakar-bakarrik helmugara arte. Etxegaraten dutxatu, jan eta atsedena hartuta, gaueko 11,30etan atera nintzen eta hurrengo goizeko 9:50etan iritsi nintzen. Bide guzti hori bakar-bakarrik egin nuen. Momentu txarrak pasatzen jakin behar da. Bukatu genuen eta oso gustura. Aurten, Goierriko Bi Handiak egingo duzu beraz. 82 km. Entrenamendu txikiagokin, nik uste dut distantzia polita dela. Aralarren ala Aizkorri ibiltzen zara gehiago? Beti errazago jo izan dut Aralarra. Aizkorri inguru hori ere gustatzen zait eta ibiltzen naiz, baina dezente gutxiago. Aizkorriko mendi maratoia prestatzeko oraindik ez dut ikutu Aizkorri inguru hori. Ez zait asko gustatzen lasterketa pasatu behar den lekuan entrenatzea. Nahiago dut Esparru eta Atxurbi inguruan ibiltzea.
Di-daLasterketa bat: Ataungo Herri Lasterketa. Hor ere 20 urte damazkit parte hartzen. Izugarri gustatzen zait. Mendi bat: Etxera egingo dut, Esparru. Entrenatzeko leku bat: Esparrutik Lizarrustira arteko gainak. Korrika ez den beste kirol bat: Hainbeste daude! Iraupen eskia edo mendiko bizikleta. Urtaro bat: Udaberria. Janari bat: Entsalada on bat. Edari bat: Garagardo on bat. Amets bat: Zoriontsu izaten jarraitzea.