Xabier Ortiz de Luzuriaga BTT trabesia ekainaren 5ean egingo dute Legazpin
Ekainaren 5ean Xabier Ortiz de Luzuriaga BTT trabesia egingo dute Legazpin. Zazpigarren urtea da Hegialdeko festen egitarauak omenaldi izaerako proba herrikoi hau jasotzen duena. Aitor Uribeetxeberria antolatzaileen artean dago. Ortiz de Luzuriagaren lagun talde batekin batera egiten du lan proba aurrera atera dadin. Omenduak bizikletekiko zuen zaletasunari heldu zioten lagunek duela zazpi urte proba hau antolatzen hasteko, izan ere, Ortiz de Luzuriaga Euskal Herriko txapeldun ere izan zen mendi bizikletarekin. Ez zen auzokoa, baina auzotarrek mimoz prestatzen dute trabesia eta proba behar duen guztiaz hornitzen dute. 37 kilometroko bidea izango da. 8:00etatik 9:00etara irekiko dute izena emateko aukera eta atzetik irteera emango diote probari. Aurretik, hala ere, omenaldi xume bat egingo diote Ortiz de Luzuriagari, aurreskuarekin eta bertsoekin. Bere argazkia eta Euskal Herriko txapeldun mailota irteera lekuan izango dira. Panoramika ederrak Parte hartzaile bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu. Probaren elastiko bat jasoko du trukean, eta bidearen amaieran mangerak eta dutxak ere izango dituzte aukeran. Jatekoa eta edatekoa ere jarriko dute helmugan. Uribeetxeberriak probak gogortasun punttu bat baduela aitortzen du, baina dioenez, horrek ez ditu bizikleta zaleak beldurtu behar. «Probaren bi-hiru lekutan herrira itzultzeko bidegurutzeak daude, eta ondo seinalizatuko ditugu, nahi duenak ibilbidea moztu dezan eta bueltan etor dadin». Adin [...]
Ekainaren 5ean Xabier Ortiz de Luzuriaga BTT trabesia egingo dute Legazpin. Zazpigarren urtea da Hegialdeko festen egitarauak omenaldi izaerako proba herrikoi hau jasotzen duena.
Aitor Uribeetxeberria antolatzaileen artean dago. Ortiz de Luzuriagaren lagun talde batekin batera egiten du lan proba aurrera atera dadin. Omenduak bizikletekiko zuen zaletasunari heldu zioten lagunek duela zazpi urte proba hau antolatzen hasteko, izan ere, Ortiz de Luzuriaga Euskal Herriko txapeldun ere izan zen mendi bizikletarekin. Ez zen auzokoa, baina auzotarrek mimoz prestatzen dute trabesia eta proba behar duen guztiaz hornitzen dute.
37 kilometroko bidea izango da. 8:00etatik 9:00etara irekiko dute izena emateko aukera eta atzetik irteera emango diote probari. Aurretik, hala ere, omenaldi xume bat egingo diote Ortiz de Luzuriagari, aurreskuarekin eta bertsoekin. Bere argazkia eta Euskal Herriko txapeldun mailota irteera lekuan izango dira.
Panoramika ederrak
Parte hartzaile bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu. Probaren elastiko bat jasoko du trukean, eta bidearen amaieran mangerak eta dutxak ere izango dituzte aukeran. Jatekoa eta edatekoa ere jarriko dute helmugan. Uribeetxeberriak probak gogortasun punttu bat baduela aitortzen du, baina dioenez, horrek ez ditu bizikleta zaleak beldurtu behar. «Probaren bi-hiru lekutan herrira itzultzeko bidegurutzeak daude, eta ondo seinalizatuko ditugu, nahi duenak ibilbidea moztu dezan eta bueltan etor dadin». Adin guztietako pertsonek hartzen dute Hegialdeko trabesian parte. Hasieran ibilbidea luzeagoa zen eta bigarren motz bat ere egiten zuten, 15 kilometrokoa. Hala ere, urteroko euriteek bidearen azken zatia lokazten zuten, eta horregatik, zati hori kendu egin dute. Bide motza ere gogorra zela dio Uribeetxeberriak. «Inguru hauetan, mendian ibili nahi badugu, aldapetan ibili behar dugu». Hori horrela, aurten bide luzea moztu egin dute, eta motza kendu. Bidean bi anoa gune egongo dira: Brinkolan eta Korostin.
Urte jendetsuenean 200 pertsona inguruk hartu zuten proban parte. Iaz eguraldi euritsua izan zen eta 150etik gora izan ziren. «Zirimiria, lanbroa, mendia itxita, lainotuta… eta jende asko etorri zen. Gernikatik, Eatik, Leitzatik, Orduñatik, Goizuetatik… etorri ziren eta harrituta gelditu ginen. Herriko jende asko ere mugitu ohi da urtero».
Uribeetxeberriak inguruaren edertasuna aipatzen du. Aurtengo bidea «Atagoiti ingurutik Aztirira igotzen da eta hemendik, Larrosaindik barrena, buelta osoa ematen du. Bidea Aizkorripean doa denbora guztian, panoramika baten moduan ikusten duzu. Gero Brinkola aldera jaisten da, Korostira igotzen da ondoren, eta hemen ere bistak izugarriak dira. Eguraldi onarekin, ibilbidearen bistak oso onak dira. Iaz gainera, beste bide batzuk bilatu genituen, bidetxurrak, pinudietan barrena doazenak… eta jendeak oso pozik amaitu zuen».
Uribeetxeberriak «jendearen erantzuna» nabarmentzen du probatik, «jende asko etortzea eta pozik joatea polita da». Ortiz de Luzuriagaren gurasoentzako proba honek duen balioa ere agerian uzten du. «Hunkituta ikusten dituzu eta esker horrek asko betetzen zaitu». Amaitzeko, «haiek pozik ikustea eta jendeak Legazpitik gustora alde egitea» aipatzen ditu helburuetan, egun hau prestatzen dutenentzat ere berezia dela erakutsiz.
Antolatzaileek blog bat ere ireki dute bttxabiortiz.blogspot.com helbidean.