XXXI. Gipuzkoako Eskolarteko finala jokatuko da gaur Urretxuko ordezkariekin

Amaia Iturriotz eta Maialen Akizu urretxuarrek maila nagusian kantatuko dute gaur arratsaldean, Azpeitian egingo den Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean.

·Otamotz- Amaia Iturriotz eta Maialen Akizu urretxuarrek maila nagusian kantatuko dute gaur arratsaldean, Azpeitian egingo den Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean.Maiatzaren 6an eman zitzaion hasera Oiartzunen XXXI. Gipuzkoako eskolarteko bertsolari txapelketari, eta herri ezberdinetan lau kanporaketa jokatu ostean, ostiral honetan Azpeitian jokatuko den finalak emango dio akabera aurtengo ekinaldiari. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak antolatzen du txapelketa hau, gaztetxoengan bertsolaritzarekiko zaletasuna sustatzea, besteak beste, helburu duena. Bat-batean zein bertso jarrien alorrean, Gipuzkoa osoko ehunka haurrek hartu dute parte. Bat-bateko atalari dagokionez, ohi bezala bi maila bereizi dira aurten ere, 14 urte arteko gaztetxoen maila eta 14 eta 18 urte arteko gazteen maila. Txikienen mailan, taldeka kantatu ohi dute gaztetxoek, eta lau taldek kantatuko dute Azpeitiako final handian: Zarauzko taldeak (Ane Peñagarikano, Paula Arriola, Mikel Sarasua eta Ander Garaiar), Goierri-Elgoibar taldeak (Paul Iruretagoiena, Maddi Mendibil, Leire Akizu eta Iraitz Sarasola), eta Lazkaoko bi taldek (Aizpea Garmendia, Irati Saez de Egilaz, Ainhoa Lasa eta Eneko Ayerza, batetik, eta Leire Agirre, Sofia Peralto, Oihane Lazkanoiturburu eta Ander Ayerza, bestetik). Maila nagusian, bestalde, bertsolariek banaka hartzen dute parte; ondorengo zortzi bertsolariak izango dira kantuan: Eñaut Martikorena (Andoaingo La Salle Berrozpe Ikastetxea), Amaia Iturriotz (Urretxu-Zumarraga ikastola), Maialen Akizu (Urretxuko Joxemari Iparragirre institutua), Gema Urteaga (Ordiziko Oianguren Institutua), Elixabet Pagola (Hernaniko Langile Ikastola), Aitor Salegi (Azpeitiako Urola Ikastola), Imanol Irazustabarrena (Tolosako Orixe Institutua), eta Eneko Araiztegi (Beasaingo Loinazpe Ikastetxea). Ohi bezala, Andoni Egaña izango da gai jartzailea. Ostiraleko finala Azpeitiako Soreasu kultur gunean izango da, eta arratsaldeko lauetan hasiko da. Bat bateko saioak amaitu ostean, bertso jarrien ataleko sariak ere banatuko dira. Atal honetan, Amaia Irure (Aretxabaletako Kurtzebarri Ikastetxea), Mikel Etxeberria (Urnietako Egape Ikastola), Paul Beitia (Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola) eta Maialen Akizu (Urretxuko J.M. Iparragirre Institutua) izan dira garaileak, LHko 3. eta 4. mailetan, LHko 5. eta 6. mailetan, DBHko 1. eta 2. mailetan eta DBHko 3. eta 4. mailetan, hurrenez-hurren.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa