Errioxako errentari esker lortu du igoera Biok Zerbitzuakek
Biok Zerbitzuak OKE saskibaloi taldeak mailaz igotzea lortu du, baina nahi baino gehiago sufrituta. Errioxan Cenicero taldeari ateratako 23 puntuko errenta ikusita, partida lasaia espero zuten etxean, baina larunbatean, indartsu etorri ziren errioxarra...
Biok Zerbitzuak OKE saskibaloi taldeak mailaz igotzea lortu du, baina nahi baino gehiago sufrituta. Errioxan Cenicero taldeari ateratako 23 puntuko errenta ikusita, partida lasaia espero zuten etxean, baina larunbatean, indartsu etorri ziren errioxarrak, eta estualdia pasarazi zioten etxeko taldeari. Goierritarrak “oso erlaxatuta” atera ziren kantxara, eta aurreneko laurdenean, Cenicerokoek garbi utzi zuten partida irabaztera etorri zirela; zazpi puntuko aldea atera zieten (17-24). Bigarren zatiko bosgarren minutuan, “alarma” piztu zen ordiziarren artean, errioxarrek 15 puntuko tartea lortu baitzuten. Ordiziarren entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen, eta “susperraldi txiki bat” izan zuten; horri esker, tartea 7 puntura murriztea lortu zuten.
Atsedenalditik bueltan, hirugarren laurdenean, partida parekatzeko bidean zegoela zirudien, baina beste susto bat izan zuten etxekoek; 30. minutuan errioxarrek 13 puntuko aldea lortu baitzuten. Azken laurdena lasaiagoa izan zen ordea, eta bi taldeen arteko aldea 10 puntutik beherakoa izatea lortu zuten. Azkenean, 77-82 galdu zuten etxekoek, baina Errioxan lortutako errentari esker, beraiek irabazi dute igoera faseko azken partida.