Ura zentzuz erabiltzeko ekitaldiak dituzte Araman astean zehar
Urak bizitzarako eta naturarako duen garrantziaz jabetzeko aste berezia izango dute Araman. Aurreko ostegunean ireki zuten Ibaialde erakusketa, eta ordutik larunbat honetara arte garatuko dute Uraren Astea, Udalak antolatuta. Kultur etxean jarrita dago...
Urak bizitzarako eta naturarako duen garrantziaz jabetzeko aste berezia izango dute Araman. Aurreko ostegunean ireki zuten Ibaialde erakusketa, eta ordutik larunbat honetara arte garatuko dute Uraren Astea, Udalak antolatuta. Kultur etxean jarrita dagoen erakusketa ikusteko aukeraz gain –giltza tabernan eskatu behar da–, hitzaldia eta errekastoak ezagutzeko irteera dituzte.
Sentsibilizazio kanpainarekin borobildu nahi dute ura eta ur ekosistemak behar bezala zaintzeko programa. «Aramako Udalak urteak daramatza udalerriko ur ekosistemen zaintzan eta kontsumorako ur sarearen egokitzapenean lan egiten», dio Udalak. Gaia herritarren artera zabaltzen iaz hasi zen Udala, aramarrek egindako argazki eta marrazki erakusketa jarri, eta ondoren urteko egutegia argitaratuta.
Aurtengo lanketa erreken eta ibaien ekosistemekin burutuko dute. Hala, Arturo Elosegi biologoak hitzaldia egingo du ostegunean, 19:30ean. Basoak eta ibaiak: giza jarduerak eta ekosistemen zerbitzuak gaia jorratuko du.
Larunbatean irteera
Uraren Astea bukatzeko, larunbat goiza Aramako errekastoak ikusten, ezagutzen eta garbitzen igaroko dute. Arama zeharkatzen duen ubide nagusia bertatik bertara ikusteko txangoa izango da, familia osoarentzat egokia. Erreken ezaugarri ekologikoak esplikatuko dituzte bidean.
Zapatuan 09:00etan irten eta 13:30 aldera bukatuko da irteera.













