Ostalaritzan euskara hobetzeko planak
izan duen erantzuna negatiboki baloratu dute Urola Garaiko euskara
zerbitzuek.
· Otamotz.com – Urola Garaiko euskara zerbitzuek elkarlanean Zumarraga, Urretxu, Legazpi eta Ezkio-Itsasoko ostalariei hainbat eskaintza egin diete euskaraz hitz egin, edo irakurtzeko trebeago senti daitezen. Helburua, eskualdeko taberna eta jatetxeetan euskarak leku gehiago izatea izan delarik. Euskara zerbitzuek prentsa ohar bitartez jakinarazi dutenez, tabernaz-taberna egindako eskaintzak ez du fruitu askorik eman.
Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Ezkio-Itsasoko taberna eta jatetxeetako langileei, euskara trebatzeko hainbat eskaintza egin dizkiete maiatzen zehar eskualdeko euskara zerbitzuek. Euskara ezagutzaren gaineko galdeketa egin eta gero,
jasotako emaitzak eskuan lau proposamen luzatu zizkieten.
- Hiru hilabeteetarako HITZAren harpidetza doan.
- Idazmena lantzeko bi orduko ikastaroa.
- Euskararen ezagutza maila baxua dutenentzako hastapeneko ikastaro bat ekainean zehar.
- Irailean hasiko diren mintzalagun taldeetan parte hartzeko eskaintza.
Balorazio ezkorra
Atzo hasita, datozen hiru hilabeteetan HITZA doan jasoko dute, eskaera egin duten 47 taberna eta jatetxeetan. Legazpin 17, Urretxun 14 eta Zumarragan 16 izan dira guztira.
Eskainitako ikastaroek aldiz, ez dute arrakastarik izan orokorrean. Idazmenean trebatzeko ikastaroa ez da emango. Euskara jakin arren, idazterako garaian zalantzak dituzten langileentzat zuzendurik zegoen, baina ez da talde bat osatzeko adina eskaririk jaso. Gauza bera gertatu da euskararen ezagutza maila baxua duten langileentzat prestatutako ikastaroarekin.
Mintzalagun taldean bere aldetik, maiatzean hasiko ditu saioak, eta orduan berriz gogoraraziko zaie ostalariei ekimena zertan den, berauetan parte hartu dezaten. Baina, ekimen honen inguruan jaso duten erantzuna ere, momentuz, eskasa izaten ari dela esan dute antolatzaileek.
Horregatik, orokorrean egin duten balorazioa ezkorra izan da. Dena den, eta jasotako emaitzak aztertu eta gero, etorkizunean beste asmo batzuk jarriko dituzte martxan, beti ere, ostalaritza eta merkataritza euskalduntzeko bidean.