Ordiziarrock, hesiak apurtuz
Erronka handia jarri zieten euren buruari Jon Lekuona eta Urko Ruiz de Apodaka ordiziarrak: musikaren bidez gorrengana iristea. Internetari esker, Malagan aurkitu zuten gorrentzat egokitutako kontzertuak egiten dituen taldea: Funky Punkie Party Clowns. Hamabost laguneko taldea da eta tartean gorren bat edo beste ere badago. Musika, zeinu hizkuntza, gorputz hizkuntza… teknika ezberdinez baliatuz gorrek ere musika sentitu eta ulertu dezaten saiatzen dira. Hiru egun iraungo duen Ordiziarrock 2011, bete-betea dator.
VIII. Ordiziarrock antolatu duzue. Aurten, orain arteko eskaintzatik zertxobait aldendu egin zarete.
Jon Lekuona: Orain arte beti eskaintza berdina egin izan dugu; pilotalekuan, kontzertuak…
Urko Ruiz de Apodaka: Gaztetxearen urteurrena dela eta kontzertu handiak egitekoak dira. Aurtengo antolakuntzarekin hasi ginenean, kontzertu berezi bat egitea bururatu zitzaigun. Betikoa ez genuen atzera bota nahi, baina diruarekin nahiko larri gabiltza eta dena ezin da. Oso ilusionatuta gaude, guretzat ez da listoia jaistea. Alderantziz, igo egin dugula iruditzen zaigu.
Lekuona: Hasieratik garbi izan dugu gorrei egokitutako kontzertua egin nahi genuela. Dena ezin izan da.
Ruiz de Apodaka: Lehenengo momentutik jarri ginen Gorren Elkartearekin harremanetan. Hortik aurrera hasi ginen lotzen.
Zergatik aukeratu duzue gorren kolektiboa? Nola iritsi zarete gorrengana?
Ruiz de Apodaka: Ordiziarrock haztea zaila da. Baina hazteak suposatzen duena suposatzen du. Hankak lurrean edukita, handitze prozesua gelditu eta zabaltze prozesu batera sartu ginen. Iaz bluesa eta jazza sartu genituen, kale ikuskizuna ere bai, beste jende bat erakartzeagatik.
Lekuona: Beti berdina egiten aritu gara eta horrelako berrikuntzek zabaltzea lortzen dute.
Ruiz de Apodaka: Hortik atera zen gorren kontu hau. Gure buruari galdetu genion: zabalkuntza honetatik nora ez gara iristen? Gorrengana. Galdera horretatik abiatu ginen.
Pertsona gorrei egokitutako kontzertua, Euskal Herrian lehenengo aldiz egingo omen da. Bazenekiten gorrei egokitutako kontzertuak egiten zituzten taldeak bazirela?
Ruiz de Apodaka: Ez, ez genekien. Bagenekien Tolosan laburmetraien ziklo bat egiten zela gorrentzat. Hortik argia piztu zitzaigun eta esan genuen: Zergatik ez gorrentzat kontzertu bat? Orduan hasi ginen Interneten begiratzen. Malagan aurkitu genuen talde bat. Harremanetan jarri ginen eta galdetu genien gustatuko litzaieken Ordiziara etortzea.
Lekuona: Elkartearekin jarri ginen harremanetan. Ezagunak ere baditugu familian gorrak dituztenak… Azkenaldian ere ikusi dugu kanta baten gorrentzako bertsio bat, Ainhoa Moiuak egin duena…
Ruiz de Apodaka: Ez genuen ezagutzen eta gu ere oso harrituta gelditu ginen. Kasualitatea izan zen. Gu ere asko ari gara ikasten. Sentsibilitate hori lantzen ari gara, ze zaila den gorra izatea.
Lekuona: Nik lankide bat daukat, semea gorra daukana, eta bere esperientziak ia egunero entzuten ditut. Hori bai, garbi utzi nahi dugu, denontzako kontzertu bat egin nahi dugula eta denontzako kontzertua dela. Kontzertua ez da gorrentzako bakarrik. Gorrei egokitutako kontzertua da, baina edozein joan daiteke.
Ruiz de Apodaka: Aurten gorrak aukeratu ditugu. Hurrengoetan auskalo! Gizartea sentsibilizatu nahi dugu gorren gaiarekin eta ez ditugu gehiago bereiztu nahi.
Zein sistema erabiltzen dute malagarrek?
Ruiz de Apodaka: Bibrazio sistema, bukle magnetikoa, gorputz adierazpena, zeinu hizkuntza, dena azpititulatuta joango da, argi sistema berezia jarriko da.
Lekuona: Azken batean, musika zerbait fisikoa bihurtuko da.
Ruiz de Apodaka: Gorrek, zeinu hizkuntzen bidez ulertzen dute zer abesten duten. Baina musika ez dute entzuten. Argi dago musika ez duela inoiz ere entzungo. Baina badaude erak musika pixka bat fisiko bihurtzeko.
Irakurri dugunez, globoak erabiltzen dituzte.
Lekuona: Subgrabe batzuk botatzen dira globora eta globoak bibrazioak egiten ditu.
Ruiz de Apodaka: Hori da. Bibrazio sistema ez da hain konplexua. Bakoitzari globo bana emango zaio eta subgrabe potentzia batzuk emango zaizkio. Frekuentzia horiek globotara joango dira eta globotan nabarituko dituzte. Anplifikadoreetan, zulona batzuk jarriko ditugu tirante eta bibrazio horiek hor nabarituko dituzte
Lekuona: Musikariak musika jotzen ikusiko dituzte, antzezpena egiten ere bai… zeinu hizkuntza erabiliko dute.
Ruiz de Apodaka: Espresio korporala lantzen duten euretako bat edo bi, gorrak dira…
Musikari dagokionean, zein musika egiten dute malagarrek?
Lekuona: Denetik egiten dute: oso musika alaia da, funkia, denetik egiten dute.
‘Hesiak apurtuz’ jarri diezu leloa Ordiziarrock-ari.
Ruiz de Apodaka: Gorrentzako hesi garbi bat da. Ezin dute edozein kontzertutara joan. Edozein lekutara ezin dira joan. Gauzak ez daude egokituta gorrentzat. Garbi dago gor bati ez diozula entzunarazi behar baina badaude beste sistema batzuk sentsazio horiek sentitzeko.
Sarrerak 5 eurotan daude salgai.
Lekuona: Gure filosofiatik atera egin gara pixka bat, beti doako ekintzak egitearen aldekoak arelako. Baina kasu honetan, kostu handia dago. 15 lagun etorri behar dira Malagatik… behartuta sentitu gara sarrera jartzera.
Ruiz de Apodaka: 350 lagunentzako lekua dago. Herriko tabernan salgai daude. 16an Delikatuzen ere egongo dira eta 17an, leihatilan bertan.
Ekitaldiz ekitaldi
Ekainak 16, osteguna:
- 18:00etan: D’elikatuzen, Munduko musika instrumentuen erakustaldi didaktikoa. “Munduko leku ezberdinetako 8 musika instrumentu bildu ditugu. Betiko instrumentuetatik atera eta instrumentu berezi hauek ezagutarazi nahi ditugu. Nondik datozen, historia, nola jotzen diren… Goierrikoak bertakoak dira. Saiatuko gara bukaeran, Mikel Laboaren ‘martxa baten lehen notak’ jotzea instrumentu guztiekin batera”.
- 20:00etan: “La Pulga” txalapartarekin (Flamenko dantzari bat Txalapartarekin fusionatuz), D’elikatuzen. “La Pulga: Flamenkoa dantzatzen du. Txalapartaren eta flamenkoaren arteko fusioa egiten du”.
Ekainak 17, ostirala:
- 22:00etan: Herri Antzokian, Funky Punkie Party Clowns (Malaga).
Ekainak 18, larunbata:
- 22:00etan: Kontzertuak: Blues Sesion (Ordizia), El cerdo que grunge (Ordizia) eta Funky Punkie Party (Malaga). Gaztetxean. “Malagako taldeak Gaztetxean ere joko du. Betiko kontzertuak ez genituen albo batera utzi nahi. Plaza ona da Ordiziako Gaztetxea”.