Iritsi dira Telleriarte auzoko festak
Asteburuan San Joan jaiak ospatuko dituzte Legazpiko Telleriarte auzoan. Gaur hasiko dituzte ekintzak, lora bedeinkapenarekin, auzo afariarekin eta nola ez, San Joan bezperako suarekin. Bihar jarraituko dute auzoko festek. Goiz Deia txistulari taldeko ...
Asteburuan San Joan jaiak ospatuko dituzte Legazpiko Telleriarte auzoan. Gaur hasiko dituzte ekintzak, lora bedeinkapenarekin, auzo afariarekin eta nola ez, San Joan bezperako suarekin.
Bihar jarraituko dute auzoko festek. Goiz Deia txistulari taldeko kideek 10:30ean esnatuko dute San Joan eguna Telleriarten, goiz eresiarekin. 11:00etan meza egingo dute eta atzetik, 12:00ak aldera, luntx herrikoia egingo dute auzoan. Luntxarekin batera Xapre eta Zarra eta bertsolarien jarduna entzuteko parada izango dute bertaratuek.
Legazpin dagoen bolazaletasuna auzoetan ez da txikiagoa. Hartara, Telleriarteko festetan ere bola tiraldiak egingo dituzte, auzo mailakoak. Bi tiraldi izango dira: bihar 12:30ean eta 18:00etan. Ordu eta egun berean toka tiraldia ere egingo dute, hau ere auzo mailakoa.
Tartean, 14:00etan auzo bazkaria egingo dute, jubilatuen omenezkoa. Otordua ere bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute. Gaztetxoenentzako ekintzak ere egingo dituzte bihar. 18:00etan emango diete hasiera haurrentzako jolasei. Xapre eta Zarrak auzoan jarraituko dute, izan ere, 18:00etan berriro ere instrumentuak hartuko dituzte, trikitixaz eta panderoaz dantzaldia girotzeko. Bihar bukatuko dituzte festak auzoan.
Mus txapelketak hasiko du biharko eguna, berandu bada ere. 16:00etan ospatuko dute hau, eta txapelketa azkarra izango da. Atzetik, herri kirol jaialdia egingo dute, 18:30ean. Bukatzeko, auzotarrek berriro ere trikitixaren doinupean dantza eginez agurtuko dituzte festak.













