Udarako hiru ikastaro eta hitzaldi bat antolatu ditu Gazteria Sailak

Beasaingo Udaleko Gazteria Sailak hainbat ikastaro eta hitzaldi bat antolatu ditu uztailerako. ‘Gazteentzako udako ekintzak’ programaren barruan egingo dituzte, Bidertu Gizarte Kudeaketa enpresarekin elkarlanean. Ikasturtea bukatuta dauden 17 eta 30 urte arteko gazteentzat izango dira ikastaro horiek, eta lan mundua, gatazkak eta familia arteko harremanak landuko dituzte. Bestalde, Gazteak Ekinean izeneko Europako mugikortasun programa ere ezagutu ahal izango da, uztailaren 19an. Koldo Agirre alkateak azaldu duenez, gaurkotasuneko ikastaroak dira eta horien helburua, gazteei orain arte ezagutu duten ikasketen mundutik kanpoko informazio interesgarria ematea izango da. Hala, ikastaro horietako batek gazteak lan mundura gerturatzeko balioko duela esan du; besteek berriz, gatazkak konpontzeko eta familia arteko harremanak hobetzeko. Mikel Apaolaza gazteria teknikariak berriz, Bidertu gizarte kudeaketarako enpresarekin izandako elkarlana azpimarratu du. “Beste erakundeetatik antolatzen diren udako ikastaroetatik aldendu egin nahi izan dugu, beste gai mota bat eskaini”. Gai horiek, gazteen interesekoak izango direla espero dute, eta gazte guztiei egin diete parte hartzeko gonbitea. Partaidetza oinarri Biderka etxeko Sonia Rabanalek azaldu zuenez, beraien filosofiaren arabera “partaidetza da ikaskuntzaren oinarria, eta printzipio hori jarraituko dugu antolatu ditugun hiru ikastaroetan”. Hala, talde dinamikak landuko dituzte, horrela emaitza hobetak lortzen direlako. “Geure burua hobeto ezagutzeko eta bizitzari aurre egiteko erremintak garatzeko” balioko dute hiru saioek. Aurreneko [...]

Rabanal, Agirre eta Apaolaza, gaur.

Beasaingo Udaleko Gazteria Sailak hainbat ikastaro eta hitzaldi bat antolatu ditu uztailerako. ‘Gazteentzako udako ekintzak’ programaren barruan egingo dituzte, Bidertu Gizarte Kudeaketa enpresarekin elkarlanean. Ikasturtea bukatuta dauden 17 eta 30 urte arteko gazteentzat izango dira ikastaro horiek, eta lan mundua, gatazkak eta familia arteko harremanak landuko dituzte. Bestalde, Gazteak Ekinean izeneko Europako mugikortasun programa ere ezagutu ahal izango da, uztailaren 19an.

Koldo Agirre alkateak azaldu duenez, gaurkotasuneko ikastaroak dira eta horien helburua, gazteei orain arte ezagutu duten ikasketen mundutik kanpoko informazio interesgarria ematea izango da. Hala, ikastaro horietako batek gazteak lan mundura gerturatzeko balioko duela esan du; besteek berriz, gatazkak konpontzeko eta familia arteko harremanak hobetzeko.

Mikel Apaolaza gazteria teknikariak berriz, Bidertu gizarte kudeaketarako enpresarekin izandako elkarlana azpimarratu du. “Beste erakundeetatik antolatzen diren udako ikastaroetatik aldendu egin nahi izan dugu, beste gai mota bat eskaini”. Gai horiek, gazteen interesekoak izango direla espero dute, eta gazte guztiei egin diete parte hartzeko gonbitea.

Partaidetza oinarri
Biderka etxeko Sonia Rabanalek azaldu zuenez, beraien filosofiaren arabera “partaidetza da ikaskuntzaren oinarria, eta printzipio hori jarraituko dugu antolatu ditugun hiru ikastaroetan”. Hala, talde dinamikak landuko dituzte, horrela emaitza hobetak lortzen direlako. “Geure burua hobeto ezagutzeko eta bizitzari aurre egiteko erremintak garatzeko” balioko dute hiru saioek.

Aurreneko ikastaroa, ‘Motibazioa eta jarrera lanean’ izenekoa da. Rabanalen arabera, ikastaro horretan gazteek lanerako dituzten “motibazioen, jarreren eta aukeratutako lanbidearen arteko harremana” aztertuko dute, eta harreman horrek “haien bizi kalitatean duen eragina”. Sei orduko ikastaroa izango da eta uztailaren 4 eta 5ean emango dute.

Beste ikastaro batean, “Gatazken ebazpena” landuko dute. Gatazkak konpontzeko eta negoziatzeko teknika eta metodo ezberdinak aztertuko dituzte, batzuk praktikan jarriaz. 9 ordu iraungo du eta uztailaren 12, 13 eta 14an emango dute.

Azken ikastaroan, “Gurasoekin nola negoziatu” landuko dute. Izan ere, gazte eta nerabe askok komunikazio arazoak izaten dituzte euren gurasoekin. Ikastaro honetan, “familiako harremana hobetzeko” teknikak emango dituzte.

Ikastaro guztiak goizez izango dira, 10:00etatik 13:00etara, eta Bidertu etxeko Maribi Lopezek eta Sonia Rabanalek emango dituzte. Ikastaroei, matrikula “sinbolikoa” jarri diete, batez ere, izena ematen dutenen asistentzia ziurtatzeko. Hala, aurreneko bi ikastaroetan parte hartzeko 10 euro ordaindu behar da; hirugarrenean berriz, 15 euro. Izena eman edo informazio gehiago jasotzeko, udaletxera edo Biderka enpresak Kale Nagusiko 38. zenbakian duen bulegora joan behar da. Telefonoz, 943 10 65 72 zenbakian, edota e-mailez, bidertu@hotmail.com helbidera mezu bat bidalita jar daiteke harremanetan antolatzaileekin.

‘Gazteak ekinean’ programa
Udako ekintzen barruan, ikastaroen gain hitzaldi bat ere antolatu dute, hori ere gazteei begira. ‘Gazteak ekinean’ programa europearra azalduko dute. Programa hori, Europa barruan “ikasleen mugikortasuna, ikaskuntza eta interkulturalitatea” bultzatzeko sortu zuten, eta Erasmus eta Socrates bezalako programen alternatiba da. Hitzaldi horrekin “ahalik eta jende gehienarengana” iritsi nahi dute; horregatik, bi txandatan emango dute hitzaldia, uztailaren 19an; goizez, 11:00etan eta iluntzean, 19:30ean. Biak ere, udaletxeko areto nagusian izango dira. Hitzaldi hori 13 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago, baina antolatzaileen arabera, “gurasoentzat ere interesgarria” izan daiteke.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa