
Reala jaun jabe izan da gaur arratsaldean Loinatzen Beasainen aurka jokatu duen lagunarteko lehen partidan. Phillipe Montanier teknikariak gidatutako mutilek asko mugitu dute baloia zelaian, eta atera begira ere asmatu dute. Ifranek sartu du donostiarren lehen gola 14. minutuan, eta beste biak Agirretxek egin ditu bigarren zatian (58.min eta 74.min). Realak ez ezik, Beasainek ere entrenatzailea estreinatu du gaur, Iker Lasa legorretarra. Mila lagun inguru bildu da Loinatzen bi taldeen arteko lagunarteko partida ikusteko, festa giroan. Partidaren aurretik Salva Iriarte beasaindarrari oroigarri bana oparitu diete Koldo Zalduak eta Jokin Aperribai presidenteek. Iriarte Beasainekin jubeniletan ari zela fitxatu zuen Realak, 16 urterekin. Donostiako taldeko jubeniletan aritu eta gero, 3. mailan zegoen Sansera igo zuten, baina kosta egin zitzaion lehen taldera jauzia egitea. 1976-77 urtean debutatu zuen Realarekin, 24 urte zituela. Gerora Realaren entrenatzailea ere izan zen. Ohorezko sakea egin du Iriartek Loinatzen.


