
Ataungo San Gregorio auzoan zaindariaren eguna ari dira ospatzen gaur. Mezarekin eman diote hasiera festa egunari, eta eguerdian Otsoak dantza taldeak emanaldia egin du. Tokan ere aritu dira bazkal aurretik, eta 14:30etik aurrera pilotalekuan elkartu dira auzotarrak, bertan jarritako mahai eta aulkietan eseri eta elkarrekin bazkaltzeko. Mahaiaren bueltan eseri dira baita Iker Zubeldia eta Urko Egaña bertsolariak ere. Bazkalondoan saioa egin dute frontian bertan.
Hurrengo ekintza auzoko txikientzako izango da. 18:00etatik aurrera mozorro festa egingo dute pilotalekuan. Bus Bu Dj-a arduratuko da musikaz, eta dantzan galdutako indarrak berreskuratzeko txokolate jana ere egingo dute.
Joxemiel Barandiaran museoan ere izango da festarako tarterik aurten. Goierriko Kasta idazle taldeak emanaldia egingo du museoan, 19:30ean. Aurrerabidea gaitzat hartuta, bertan parte hartuko dute Tere Irastortzak, Koldo Goitiak, Iker Zalduak, Jon Aranok, Joseba Barandiaranek, Joan Mari Apaolazak, Idurre Eskisabelek, Oier Zurutuzak, Ekaitz Goikoetxeak eta Irati Goikoetxeak. Igor Alustiza arituko da gitarrarekin hitzei musika jartzen. Denbora dezente igaro da Goierriko Kastak emanaldirik egiten ez duena, eta San Gregorion ariko diren lehen aldia izango da gaurkoa.
Gauean, bertso saio musikatua egongo da plazan eta helduek mozorrotzeko aukera ere izango dute.

Goizaldeko lehen orduetan, 01:00etan hasita, Fiachras eta Los Zopilotes Txirriaos taldeek kontzertua egingo dute eta 03:00etan mozorro onenak sarituko dituzte.
Bihar da festetako azken eguna
Bihar amaituko dira San Gregrio auzoko jaiak Ataunen, baina azken egunerako ere egitarau zabala prestatu dute auzotarrek. Aurtengo egitarauan berria den ekintzarekin hasiko dira bihar: Pintura lehiaketarekin. Nahi duten haur, gazte eta helduek parte hartu ahalko dute, 12:00etatik aurrera, eta auzoko txokoak marraztu eta margotu beharko dituzte. Pilota partidak ere jokatuko dituzte bihar San Gregorion, 12:30ean hasita. Arratsaldean berriz, Idiazabalgo eta San Gregorioko kirolariak ariko dira elkarren aurka. Saioaren amaieran, Ataungo artzainek egindako gazta dastatu ahalko da.