G Puntua: puntu eta jarrai
Udako etenaldiaren ondoren, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ohiko egiturara itzuliko da udazken honetan. G Puntuak aurten berritasun handietako bat lehen fasea izan du, maiatz-ekainean jokatu zen. Asteburu honetan final zortzirenetako zazpi saioetatik bi jokatuko dira: bihar Andoainen, etzi Azkoitian. Donostiako finalaren aurretik hiru koska izango ditu txapelketak. Final zortzirenetan zazpi saio dira, 42 bertsolarirekin: lehen fasetik igaro ziren 32ri 2007ko txapelketako finalaurrekoetako hamar gehituko zaizkie. Final-laurdenak bost herritan jokatuko dira, 30 bertsolari guztira: saioak irabazitako 7, puntuazioz sailkatutako hurrengo 17, eta duela lau urteko sei finalista. Finalaurrekoetara ere euren saioak irabazten dituztenak zuzenean pasatuko dira, eta beste 13 puntuazioaren arabera. Goierritarrei dagokienez, final zortzirenetan denera zortzi lagun ariko dira. Lehen faseko galbahea gainditu zutenetatik bik igandean kantatuko dute, Azkoitiko Baztartxo antzokian, 17:30ean. Gorka Azkarate zumarragarra (orain arteko sailkapen orokorrean 6.) eta Gorka Maiz gabiriarra (27.) dira estreinakoak. Hurrena, irailaren 24an, Eibarren, Nerea Elustondo legazpiarra (14.) sartuko da lehiara. Biharamunean, Lazkaon, Iban Urdangarin ataundarra (22.), Elgoibarren Joxe Munduate ataundarrak debuta egingo du; Iñaki Apalategi beasaindarrak (10.) eta Amaia Iturriotz urretxuarrak (17.) urriaren 8an dute txanda, Lasarten. Azkenik, Ezkio-Itsasoko Asier Sasieta Irunen ariko da, urriaren 9an. Bestetik, Aitor Sarriegi beasaindarra eta Iker Zubeldia zegamarra final-laurdenetan hasiko dira, Hondarribian eta Azpeitian, hurrenez hurren. 2007ko [...]
Udako etenaldiaren ondoren, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ohiko egiturara itzuliko da udazken honetan. G Puntuak aurten berritasun handietako bat lehen fasea izan du, maiatz-ekainean jokatu zen. Asteburu honetan final zortzirenetako zazpi saioetatik bi jokatuko dira: bihar Andoainen, etzi Azkoitian.
Donostiako finalaren aurretik hiru koska izango ditu txapelketak. Final zortzirenetan zazpi saio dira, 42 bertsolarirekin: lehen fasetik igaro ziren 32ri 2007ko txapelketako finalaurrekoetako hamar gehituko zaizkie. Final-laurdenak bost herritan jokatuko dira, 30 bertsolari guztira: saioak irabazitako 7, puntuazioz sailkatutako hurrengo 17, eta duela lau urteko sei finalista.
Finalaurrekoetara ere euren saioak irabazten dituztenak zuzenean pasatuko dira, eta beste 13 puntuazioaren arabera.
Goierritarrei dagokienez, final zortzirenetan denera zortzi lagun ariko dira. Lehen faseko galbahea gainditu zutenetatik bik igandean kantatuko dute, Azkoitiko Baztartxo antzokian, 17:30ean. Gorka Azkarate zumarragarra (orain arteko sailkapen orokorrean 6.) eta Gorka Maiz gabiriarra (27.) dira estreinakoak.
Hurrena, irailaren 24an, Eibarren, Nerea Elustondo legazpiarra (14.) sartuko da lehiara. Biharamunean, Lazkaon, Iban Urdangarin ataundarra (22.), Elgoibarren Joxe Munduate ataundarrak debuta egingo du; Iñaki Apalategi beasaindarrak (10.) eta Amaia Iturriotz urretxuarrak (17.) urriaren 8an dute txanda, Lasarten. Azkenik, Ezkio-Itsasoko Asier Sasieta Irunen ariko da, urriaren 9an.
Bestetik, Aitor Sarriegi beasaindarra eta Iker Zubeldia zegamarra final-laurdenetan hasiko dira, Hondarribian eta Azpeitian, hurrenez hurren. 2007ko txapelketan finalista izan ziren.
Bi saio Goierrin
Lehen fasean Gabirian eta Urretxu-Zumarragan presentzia izan ondoren, G Puntua udazkenean ere iritsiko da Goierrira. Final zortzirenetako laugarren saioa Lazkaon jokatuko da, irailaren 25ean, 17:30ean, Arerian. Geroago, final-laurdenetako azken aurrekoa Idiazabalen izango da, urriaren 30ean, 17:30ean, Igarondo pilotalekuan.
G Puntuko saioak
Final zortzirenak
- Andoain. Bihar
- Azkoitia. Igandean
- Eibar. Irailaren 24an
- Lazkao. Irailaren 25ean
- Elgoibar. Urriaren 1ean
- Lasarte. Urriaren 8an
- Irun. Urriaren 9an
(Elgoibar eta Lasarte dataz eta bertsolariz trukatu dituzte)
Final-laurdenak
- Oñati. Urriaren 22an
- Villabona. Urriaren 23an
- Hondarribia. Urriaren 29an
- Idiazabal. Urriaren 30ean
- Azpeitia. Azaroaren 6an
Finalaurrekoak
- Arrasate. Azaroaren 26an (20tik atzeratua, hauteskundeengatik)
- Tolosa. Azaroaren 27an
- Hernani. Abenduaren 4an
Finala
- Donostia. Abenduaren 18an
Oharra: saio guztiak 17:30ean hasiko dira, finala izan ezik (17:00etan).