Ijitoen jaiak
Koadrilatako kideak paellak egiten Lehenengo urtez Ijitoen jaiak dioen zapia jantzi dute Itsasondon. Goizean guraso elkarteak antolatutako jolasak izan dira, eta ondoren Beitiko igoera egin dute aspaldiko ohiturari eutsiz. 6 urtetik 14 urtera arteko...
Lehenengo urtez Ijitoen jaiak dioen zapia jantzi dute Itsasondon. Goizean guraso elkarteak antolatutako jolasak izan dira, eta ondoren Beitiko igoera egin dute aspaldiko ohiturari eutsiz. 6 urtetik 14 urtera arteko haurrek parte hartu dute bi mailatan banatuta. Lehenengo mailak 6 eta 9 urte arteko umeak bildu ditu, eta Julen Zabalua izan da irabazlea. Bigarren mailan, Eñaut Barandiaran izan da garailea. Ijitto elkarteak antolatutako lasterketa da.
Gaur, mozorro eguna da berez, baina goizean umeak baino ez zeuden mozorrotuta Itsasondon. “Deialdia egin genuen, baina jendea ez da momentuz mozorrotu”, esan du Erkuden Mendizabal kultur zinegotziak. Eguerdian paella lehiaketa egin dute, “lehiaketa aitzakia da plazan jendea elkartu dadin”, adierazi du partehartzaile batek. 50 lagun inguru elkartu dira plazan jarritako karpan, helduez eta gaztetxoez osatutako 8 koadrilatan banatuta. Arratsaldean herri jolasak egingo dituzte, eta iluntzean play-backa ere izango da, “herritarrek parte hartuko dute, mozorroa eta abestia bat etor daitezen eskatu diegu”. Gauean, kontzertuak egongo dira plazan. Bihar, Altzagaraterako igoera egingo dute.