Sukaldariak untxia ehiztari eran prestatzen, gaur arratsaldean
Iazko etenaren ondoren, indarberrituta etorri da aurten Gastronomia lehiaketa, 35.ena hain zuzen ere. 46 koadrilek eta elkartek parte hartzen ari dira. Arratsaldean hasi dira untxia ehiztari eran prestatzen horretarako jarritako karpan. 21:00ak aldera epaimahaiak sarituen izena jakinaraziko du. Partehartzaileen artean, 18 urtez, hutsegiterik gabe, lehiaketan izan direnak badira, “Ederrena pilotalekuan ere egon ginen”; baita, urtero-urtero lehiaketan parte hartu duten Xiri-Miri elkarteko kideak ere, “nahiz eta inoiz ere irabazi ez dugun”. Akelarre elkarteko kideek 34 urtetan antolatu eta gero, herritar talde batek testigua hartu die Urretxuko Santa Anastasia jaietan ohiturazkoa izan den lehiaketaren historia eten ez dadin. “Jendearen erantzuna oso ona izan da, eta frontoia beteko da”, adierazi dute antolatzaileek. Ederrena pilotaleku berrian elkartuko dira sukaldariak, eta prestatutakoa afalduko dute, 21:00etatik aurrera.