Txintxoak koadrilak irabazi du 35. Gastronomia lehiaketa, Urretxun
Atzo, iluntzeko bederatzietarako Urretxuko Santa Anastasia jaietako 35. Gastronomia lehiaketako epaimahaia lau plateren artean erabakia hartzeko prest zegoen. 46 koadrilek eta elkartek untxia ehiztari erara egina zuten. 20:30rako plater guztiak zeuzkaten jada, eta dastatzeari ekion zioten. Sari nagusia Txintxoak koadrilak jaso zuen azkenean, eta aurkezpen onenarena Dima koadrilak.
Udalak oroigarri bana eman zien epaimahaikideei, eta Akelarre elkarteko ordezkari Imanol Amundaraini eta Moises Intzari oroigarri bereziak, urtetan beren elkarteak gastronomia lehiaketa antolatzen egindako lanagatik.
Plater onenaren saria Luis Migel Ibeasek eta Manolo Cercak jaso zuten Txintxoak koadrilaren izenean. 25. Gastronomia lehiaketa egin zenean ere irabazi zuten lehenengo saria, “marmitakoarekin, eta aurreko edizio batean untxia ehiztari erara egin behar zen, eta guk modu berdinean prestatu genuen, baina, nik uste dut, irabaztea zortearekin lotuta dagoela”, esan zuen Ibeasek.
Ederrena pilotalekua lepo, sukaldari guztiak prestatutakoa afaltzeko jartzen ari ziren behin lehiaketa amaituta, aspaldiko ohiturari eutsiz.
Epaimahaikideak: Esteban Mauleon, Alberto Elorza, J. M. Roldan, Negredo Zalakain, Bixen Egiguren, Josu Mugerza, Peio Amiano, Moises Inza, Imanol Amundarain.














