680 kilo zabor jaso dituzte Erreka Egunean Legazpin
Haurrak bildutako zaborrari begira Gaur Erreka Eguna ospatu dute Legazpin. Azken urteetan bezala, gaur ere eguraldi goibelak lagundu du goiz osoan zehar, baina hala eta guztiz ere, 80 pertsona batu dira egitasmora, izena emanda zuten 120etatik. Herri...
Gaur Erreka Eguna ospatu dute Legazpin. Azken urteetan bezala, gaur ere eguraldi goibelak lagundu du goiz osoan zehar, baina hala eta guztiz ere, 80 pertsona batu dira egitasmora, izena emanda zuten 120etatik. Herriaren erdigunetik Guriditegiraino eta Urtatzako errekan barreiatu dira bolondresak, eta 11:00etatik 13:00etara errekako eta erreka inguruetako zaborrak eta hondakinak bildu dituzte. 10 taldetan banatu dira lan horretarako, adin desberdineko pertsonak tartekatuz, haurretatik adinekoetara.
680 kilo hondakin bildu dituzte tarte horretan. Bildutako zaborraren artean, ohe baten oinarria, aulkiak, hirigintza posteak, baratzeetako hondakinak edota tabernetako botilak eta edari edukiontziak ikus zitezkeen. Zaborra plazan utzi dute ikusgai, eta hala egongo da astebetez, herritarrak sentsibilizatzeko helburuz.
Bilketaren atzetik, Elustondo anai-arrebek girotutako hamaiketakoa hartu dute parte hartzaileek Azokako arkupeetan. Katagorri ehiza eta arrantza elkarteko kideek prestatu dute hamaiketakoa, Lenbur fundazioak jarritako Makatzako eta Erreixaleko gaztekin. Ogia Igaralde baserrikoa zen. URA agentziak ere dirulaguntza eman du ekitaldi honetarako.
Zaborra Sidenorreko neurgailuan pisatu dute.