Stock azokan 23 dendarik jarriko dituzte produktuak salgai, eskaintza bereziekin
Azken urteetan izan duen harrera ona ikusita, Ordizian merkatari elkarteak Stock Azoka antolatu du hirugarren urtez. Gaur arratsaldean hasi eta igandera arte, dendariek stockean dituzten arropak atera eta eskaintza bereziekin salgai jarriko dituzte Beti Alai pilotalekuan. Aitor Velazquez Ordiziako Udaleko merkataritza teknikariaren hitzetan, «dendariei urtean zehar saldu gabe gelditu zaiena bezeroei eskaintzeko aukera» ematen die azokak. Guztira, 23 dendarik parte hartuko dute, «erdiak edo Ordiziakoak dira eta gainontzekoak kanpokoak». Azokarekin batera, bestelako denborapasak ere antolatu dituzte. Ondoko frontoi txikian, umeentzako parkea jarriko dute. Besteak beste, puzgarriak eta water balls igerilekua izango dira bertan. Gainera, larunbat goizean, Amatriain fruta dendakoek, piparrak erre eta salgai jarriko dituzte, pilotalekuaren ondoan. Herriko tabernariek ere bat egin dute asteburuko azokarekin, eta pintxo-potea egingo dute; hau da, pintxoa eta edaria prezio berezian jarriko dituzte. Larunbatean (18:00-21:00) eta igandean (12:00-14:30) zabalduko dute eskaintza, Martinez, Ostadar, Aldasoro, Haizpe, Pottoka, Pias, Olano eta Amonane tabernetan. Udalarekin elkarlanean Ordizian Merkatari Elkarteak azaldu duenez, azken hilabeteetan «lan handia egin da udal berriarekin lankidetza hitzarmena berritzeko». Akordio horren baitan, merkataritza ingurunea hobetzeko proposamenak eta merkataritza indartzeko plan berezia jaso dituzte, besteak beste. Aitor Velazquez teknikariak azaldu duenez, hitzarmena «iaz egin zen, aurreko udal taldearekin, eta orain, urrian bukatzen denez, gure asmoa hitzarmen [...]
Azken urteetan izan duen harrera ona ikusita, Ordizian merkatari elkarteak Stock Azoka antolatu du hirugarren urtez. Gaur arratsaldean hasi eta igandera arte, dendariek stockean dituzten arropak atera eta eskaintza bereziekin salgai jarriko dituzte Beti Alai pilotalekuan.
Aitor Velazquez Ordiziako Udaleko merkataritza teknikariaren hitzetan, «dendariei urtean zehar saldu gabe gelditu zaiena bezeroei eskaintzeko aukera» ematen die azokak. Guztira, 23 dendarik parte hartuko dute, «erdiak edo Ordiziakoak dira eta gainontzekoak kanpokoak».
Azokarekin batera, bestelako denborapasak ere antolatu dituzte. Ondoko frontoi txikian, umeentzako parkea jarriko dute. Besteak beste, puzgarriak eta water balls igerilekua izango dira bertan. Gainera, larunbat goizean, Amatriain fruta dendakoek, piparrak erre eta salgai jarriko dituzte, pilotalekuaren ondoan.
Herriko tabernariek ere bat egin dute asteburuko azokarekin, eta pintxo-potea egingo dute; hau da, pintxoa eta edaria prezio berezian jarriko dituzte. Larunbatean (18:00-21:00) eta igandean (12:00-14:30) zabalduko dute eskaintza, Martinez, Ostadar, Aldasoro, Haizpe, Pottoka, Pias, Olano eta Amonane tabernetan.
Udalarekin elkarlanean
Ordizian Merkatari Elkarteak azaldu duenez, azken hilabeteetan «lan handia egin da udal berriarekin lankidetza hitzarmena berritzeko». Akordio horren baitan, merkataritza ingurunea hobetzeko proposamenak eta merkataritza indartzeko plan berezia jaso dituzte, besteak beste.
Aitor Velazquez teknikariak azaldu duenez, hitzarmena «iaz egin zen, aurreko udal taldearekin, eta orain, urrian bukatzen denez, gure asmoa hitzarmen hori berritzea da, merkataritza eta ingurunea dinamizatzeko eta indartzeko lanean jarraitzeko». Akordio horrek, beste alde bat ere badu, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak lortzeko erreminta garrantzitsua baita. Aurrerantzean ere, udalak eta merkatari elkarteak «elkarlanean» jarraituko dutela esan du Vazquezek, «merkatariek ere, herriaren onerako ideia eta proposamen interesgarriak egiten dituztelako».
Ordizian elkarteak Batzar Nagusia egingo du urrian, eta bertan sinatuko dute akordio hori. Horrez gain, elkartearen batzordea berrituko dute. Gainera, 2012. urtean, Ordiziako feriak 500 urte beteko ditu, elkartearen ustez, «aukera handia da azoka bera eta Ordiziako turismoa eta merkataritza indartzeko».
Ordizian elkarteak, datozen asteetan beste hainbat ekimen jarriko ditu martxan: dendarien kaleko salmenta, merkataritza ikastaroak eta herriko planoaren banaketa, besteak beste.