Xakea 2.0 proiektua aurkeztu dute, sarean eta euskaraz jokatzen ikasteko
Pasa den asteartean Xakea 2.0 euskarazko proiektua aurkeztu zuten Urretxun. Goierri xake taldeak sustatu du, eta webgune batean oinarrituko da ( xakea.org). Hemendik, xakean irakasteko jarraibideak zabalduko dituzte, beti ere euskaraz.
Jon Alvarez, xake taldeko delegatu berriak esan zuenez, «euskararen alorrean, xakerako material didaktikoa ez dago oso garatuta sarean». Zulo hori bete nahi du Xakea 2.0-k. Urretxuko Udalari arazo horri irtenbide bat topatzeko proiektu bat aurkeztu zioten, eta ideia honen oinarrian webgune bat sortu zuten: xakea.org, «xakean jokatzen erakusten duen lehenbiziko euskarazko webgunea».
Sareko atariak hainbat alor biltzen ditu. Batetik, xakearen balioak zerrendatzen dituen artikulu sorta jarri dute ikusgai. Eskoletan, zeharkako irakasgai gisa egin diren xake ekintzen eta jokoen atala ere badu. Hemen, ikastetxeetan egin diren lehiaketen informazioa jaso dute. Hezkuntza materiala ere bada atal honetan, hastapen bideoen forman. Bideo hauetan, xake jokoko mugimenduak, hasierak, amaierak, xake mateaedota taktikak erakusten dituzte. Xake eskoletan ematen diren gaiak biltzen dituzte bideo hauek, eta epe ertainean maila altuagoei zuzendutako materiala igoko dute atal honetara.
Datu base bat ere osatu dute, xake mate desberdinak bilduz. Datu hauek era askean bilatu eta jaitsi daitezke norbere ordenagailura. «Zelatak» ere jaso dituzte, partiden hasieretako mugimenduekin eta trikimailuekin. Proiektuak beste hainbat alor ere baditu, esan zutenez, «oraindik garatu gabeak».
Jokaleku birtual bat ere gehitu diote webguneari, oraingoz ingelesez dagoena. Zerbitzu hau ere, epe ertainean euskaraz eskaintzen saiatuko direla esan zuen Alvarezek, proiektua euskaraz egitea «garrantzitsua delako».
Sare bat ere sortu nahi dute, «monitoreak, xakelariak eta ikasleak bilduko dituena». Era berean, xakea.org web plataforma euskarazko xake materiala sortzeko baliatuko dutela ere iragarri du.














