Barandiaranen lana eta bizitza oroitzeko ekitaldi sorta, Ataunen
Joxemiel Barandiaran etnologo eta arkeologo ataundarra hil zela hogei urte beteko dira abenduaren 21ean. 102 urte betetzeko egun batzuen faltan zendu zen, Ataun San Gregorioko Sara etxean. Urte Zahar egunean jaioa zen, 1889an. Ataunek eman duen pertsonaia ezagunena oroituko dute orain, heriotzaren urteurrenean. Atauniker kultur elkarteak eta Lizarrustiko Parketxeak, esate baterako, mendi ibilaldi gidatua antolatu dute, elkarrekin: Jentilbaratza 1916. Nafarroako gaztelu zaharraren bila. Jentilbaratza muinora joateko aukera izango da, Erdi Aroan Nafarroako erresumaren zelatatze gaztelua zegoen parajera. Larunbatean egingo dute mendi buelta, San Martingo plazatik 09:30ean irtenda. Herrigunetik oinez abiatu, eta Plazaberri, Aldabe, Arrateta, Minaeta, Jentilaeseritaegondakoharria eta Andrabidetako Gaina parajeak zeharkatuko dituzte, Jentilabaratzera iritsi aurretik. Hain zuzen, Joxemiel Barandiaranek ekin zion, 1916an, Jentilbaratzeko tontorrean indusketa arkeologikoak egiteari. Behin erretiroa hartu zuenean beste kanpaina bat burutu zuen, 1971n. Jentilbaratzak berebiziko garrantzia izan zuen Barandiaranengan ikerketak hasteko garaian. Giza hezur batzuk azaldu ziren harkaitzaren oinean, baita urrezko eraztun bat ere. Haiek ikertzen ari zela sortu zitzaion Aralarko hilobiak ezagutzeko aukera, peoi gisa laguntzaile zuen baserritar batek «azkeneko jentilak lurperatuta» non zeuden bazekiela esan zionean. Etenik gabeko katearen lehen begia izan zen. Kixmiren kondaira Aralarko artzain mutiko baten ahotik lehenbiziko aldiz entzutea, eta sepultura zaharrak aurkitzea batera izan ziren. Hitzaldi zikloa Ataunen hasita [...]
Joxemiel Barandiaran etnologo eta arkeologo ataundarra hil zela hogei urte beteko dira abenduaren 21ean. 102 urte betetzeko egun batzuen faltan zendu zen, Ataun San Gregorioko Sara etxean. Urte Zahar egunean jaioa zen, 1889an. Ataunek eman duen pertsonaia ezagunena oroituko dute orain, heriotzaren urteurrenean.
Atauniker kultur elkarteak eta Lizarrustiko Parketxeak, esate baterako, mendi ibilaldi gidatua antolatu dute, elkarrekin: Jentilbaratza 1916. Nafarroako gaztelu zaharraren bila. Jentilbaratza muinora joateko aukera izango da, Erdi Aroan Nafarroako erresumaren zelatatze gaztelua zegoen parajera. Larunbatean egingo dute mendi buelta, San Martingo plazatik 09:30ean irtenda.
Herrigunetik oinez abiatu, eta Plazaberri, Aldabe, Arrateta, Minaeta, Jentilaeseritaegondakoharria eta Andrabidetako Gaina parajeak zeharkatuko dituzte, Jentilabaratzera iritsi aurretik.
Hain zuzen, Joxemiel Barandiaranek ekin zion, 1916an, Jentilbaratzeko tontorrean indusketa arkeologikoak egiteari. Behin erretiroa hartu zuenean beste kanpaina bat burutu zuen, 1971n.
Jentilbaratzak berebiziko garrantzia izan zuen Barandiaranengan ikerketak hasteko garaian. Giza hezur batzuk azaldu ziren harkaitzaren oinean, baita urrezko eraztun bat ere. Haiek ikertzen ari zela sortu zitzaion Aralarko hilobiak ezagutzeko aukera, peoi gisa laguntzaile zuen baserritar batek «azkeneko jentilak lurperatuta» non zeuden bazekiela esan zionean.
Etenik gabeko katearen lehen begia izan zen. Kixmiren kondaira Aralarko artzain mutiko baten ahotik lehenbiziko aldiz entzutea, eta sepultura zaharrak aurkitzea batera izan ziren.
Hitzaldi zikloa Ataunen hasita
Barandiaranen ikerketa-lanak eta bizitza gogoratzeko hitzaldi sorta antolatu du, bestetik, Jose Migel Barandiaran Fundazioak. Bost herritan izango dira konferentziak, lehenbizikoa Ataunen. Ondoren, Hego Euskal Herriko lau hiruburuetara iritsiko da.
Jose Migel de Barandiaran, gaur hitzaldian hiru adituk parte hartuko dute. Jesus Altuna arkeologo eta paleoantropologo berastegiarrak bizitza zertzeladak plazaratuko ditu. Altuna Barandiaranekin hasi zen lanean. Gaur egun Gipuzkoako Ondare Arkeologiko eta Paleontologiko Gordailuaren zuzendari zientifikoa da.
«Lehendabizi hasiko naiz adierazten bizirik aurkitu zituela mito asko, Ataunen bertan. Gero nola joan zen seminariora, lehendabizi Baliarrainera eta gero Gasteizera. Eta karrera bukatu aurretik nola sortu zitzaion krisialdi bat fedeari buruz. Erlijioak ikasteko gogoa sortu zitzaion, ez berea bakarrik, baizik beste erlijioak ere ezagutu nahi zituen», aurreratu du Altunak.
Hain zuzen, etnologiarekiko grina Leipzigen (Alemania) ernearazi zion Wundt irakasleak. «Esan zion ez geratzeko bakarrik beste erlijioak liburuetatik ezagutzen, baizik eta Euskal Herrian ere aurkituko zituela kristautasunaren aurreko aztarna asko. Metodoak eman zizkion, eta horrela hasi zen». Gipuzkoako Hitza-k Jesus Altunarekin Barandiaranen inguruan egindako elkarrizketa aterako du, bihar.
Konferentzia Concepcion de la Ruak —EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia saileko irakalsea— eta Deustuko Unibertsitateko Joxe Arregi teologoak osatuko dute, antropologiaz eta erlijioaz.
Ekitaldiak
Mendi ibilaldia
- Jentilbaratzera. Atauniker kultur elkarteak eta Lizarrustiko Parketxeak antolatuta. Etzi, larunbata, San Martingo plazatik irtenda, 09:30ean.
Hitzaldi zikloa
‘Jose Migel de Barandiaran, gaur’ konferentzia. Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak antolatuta. Hizlariak: Jesus Altuna, Concepcion de la Rua, Joxe Arregi. Sarrera doan da.
Hitzaldiak:
- Ataun. Azaroak 22, asteartea. 19:00etan, Herri Antzokian.
- Iruñea. Azaroak 24, osteguna. 19:00etan, Kondestablearen jauregian (Kale Nagusia, 2).
- Gasteiz. Azaroak 28. 19:30, Bibat museoan (Aiztogileak, 54).
- Bilbo. Azaroak 30. 18:30, Foru Liburutegia (Diputazio kalea, 7).
- Donostia. Abenduak 1. 19:30, Koldo Mitxelena Kulturunean.













