Kanpainaren azken mezuak feria giroan
Epel doa oso Espainiako Gorteetarako Hauteskundeen kanpaina Goierrin. Epel, urrutiko sentitzen dituztelako herritarrek igandeko hauteskundeak, eta epel, alderdiei beraiei ere zaila egiten zaielako Espainiako hauteskundeen harira herritarrei mezu zehatz eta ulergarriak ematea. Sozialistak izan ziren lehenak kanpainari ekiten Goierrin, herriz herriko azoketan larrosak banatzen. Amaiurrek eskualde mailako ekitaldia egin zuen Beasainen joan den astean, eta EAJk, CAFeko Cetest gunea bisitatu zuen. Horrez gain, jeltzaleen hauteskundeetako autobusa ere ikusi izan zen Goierri garaian. Hauteskundeetako propaganda jartzeko panelak ere erabat bete gabe sumatzen ziren aste honen hasieran, baina Goierrin hauteskundero gertatzen den moduan, Ordiziako feria izan da oraingoan ere hauteskunde kanpainaren tenperatura neurtzeko gunerik aproposena. Lau alderdik egin zuten bat metro gutxiren buruan. PSE-EE ez beste guztien kasuan, gainera, zerrendaburuak ibili ziren kalez kale boto banatzen eta jendearekin hizketan. Feriazaleak ohituta daude Amaiur koaliziokoak izan ziren goiztiarrenak. Aurreko asteazkenean bezalaxe, Barretxe ondoan jarri zuten propagandarako autoa, eta pasoko lekua denez, jende ugarik hartu zuen haien propaganda. Maite Aristegi eta Rafa Larreina zerredanburuak azokaren bueltan zebiltzan ordurako. PSE-EEkoek metro gutxira jarri zuten haien furgoneta, eta Arritxu Marañon Gipuzkoako zerrendan bigarrena, Iñaki Dubreuil zinegotzia eta Manuel Huertas Gipuzkoako sozialisten presidentea aritu ziren larrosak banatzen. Ordu erdi eskas egin zuten. EAJk eta IU-Ezker Anitzak ordu [...]
Epel doa oso Espainiako Gorteetarako Hauteskundeen kanpaina Goierrin. Epel, urrutiko sentitzen dituztelako herritarrek igandeko hauteskundeak, eta epel, alderdiei beraiei ere zaila egiten zaielako Espainiako hauteskundeen harira herritarrei mezu zehatz eta ulergarriak ematea. Sozialistak izan ziren lehenak kanpainari ekiten Goierrin, herriz herriko azoketan larrosak banatzen. Amaiurrek eskualde mailako ekitaldia egin zuen Beasainen joan den astean, eta EAJk, CAFeko Cetest gunea bisitatu zuen. Horrez gain, jeltzaleen hauteskundeetako autobusa ere ikusi izan zen Goierri garaian.
Hauteskundeetako propaganda jartzeko panelak ere erabat bete gabe sumatzen ziren aste honen hasieran, baina Goierrin hauteskundero gertatzen den moduan, Ordiziako feria izan da oraingoan ere hauteskunde kanpainaren tenperatura neurtzeko gunerik aproposena. Lau alderdik egin zuten bat metro gutxiren buruan. PSE-EE ez beste guztien kasuan, gainera, zerrendaburuak ibili ziren kalez kale boto banatzen eta jendearekin hizketan.
Feriazaleak ohituta daude
Amaiur koaliziokoak izan ziren goiztiarrenak. Aurreko asteazkenean bezalaxe, Barretxe ondoan jarri zuten propagandarako autoa, eta pasoko lekua denez, jende ugarik hartu zuen haien propaganda. Maite Aristegi eta Rafa Larreina zerredanburuak azokaren bueltan zebiltzan ordurako. PSE-EEkoek metro gutxira jarri zuten haien furgoneta, eta Arritxu Marañon Gipuzkoako zerrendan bigarrena, Iñaki Dubreuil zinegotzia eta Manuel Huertas Gipuzkoako sozialisten presidentea aritu ziren larrosak banatzen. Ordu erdi eskas egin zuten.
EAJk eta IU-Ezker Anitzak ordu berean zuten hitzordua. Ezker Anitzakoak udaletxe parean elkartu ziren Mikel Izagirre zerrendaburua gidari zutela. Poltsa gorri batzuk eta gozokiak banatzen aritu ziren alde zaharrean. EAJkoak, Arantxa Tapia eta Joseba Agirretxea buru zirela, Gudarien Etorbidean elkartu ziren. Han zuten autobusa, eta haren ondoan dagoen Joxemiel Barandiaran plaza baliatu zuten ekitaldia egiteko. Denek egin zuten sartu-aterea plazatik, eta egia esan, ez zuten inor harritu, bai feriazaleak eta baita erosleak ere ohituak baitaude politikoen eta kazetarien presentziarekin.
Nekazal arloko asmoak
Bi alderdi abertzaleek lehen sektoreari zuzendutako mezuak zabaldu zituzten. EAJko kideek esan zuten haiek izan direla azken urteetan «euskal baserritarren ahotsa» Madrilera eraman dutenak, eta aurrerantzean ere horixe egingo dutela esan zuten. Amaiurreko Aristegik, berriz, «beste nekazaritza eredu» bat proposatu zuen, eta horretarako «subirautza» aldarrikatu zuen.













