Hondakinen prebentzio astean, Ikastola zabalik bihar
Europako Hondakinen Prebentzio astearen barruan, Andramendiko Lehen Hezkuntzako ikasleek ikastolako kudeaketan zein kurrikulumean egiten duten lana erakutsiko dute bihar, 16:30etik 17:00etara bitartean. Herritar guztiei zabaldutako ekimena izango da, i...
Europako Hondakinen Prebentzio astearen barruan, Andramendiko Lehen Hezkuntzako ikasleek ikastolako kudeaketan zein kurrikulumean egiten duten lana erakutsiko dute bihar, 16:30etik 17:00etara bitartean. Herritar guztiei zabaldutako ekimena izango da, ikastolan egindako hausnarketa etxeetara eta inguruko elkarteetara zabaltzeko asmoz.
Beasaingo Ikastola martxan jarri zenetik, hainbat ekimen egin dituzte, bai ikastolako ikasleei eta haien familiei zuzenduta eta baita gainerako herritarrei zuzenduta ere. Biharko ate irekien jardunaldien horien berri emango dute.
Urte guztian zehar, orrien eta liburuen berrerabilpena bultzatzen dute, orriak bi aldetatik erabiliz eta liburuak urterik urte ere ikasleen artean trukatuz. Eskulanak ere erabilitako materiala berrerabiliz egiten dituztela azaldu dute ikastolako arduradunek, lan horiek denak konponketara bideratuz, adibidez, jostelanak eginez.
Ura aurrezteko hainbat teknika ere garatu dituzte Andramendin, “komunetako zisternetatik ur gutxiago botatzeko plastikozko botilak erabiliz edo ur-kanileetan sagarrak ipiniz”. Argiak eta argi gorriak itzaltzeko kanpainak ere egin dituzte eta hondakin bakoitza zakarrontzi egokira botatzekoak.
Jangela ekologikoaren inguruan ere hainbat proiektu jarri dituzte martxan Andramendi ikastolan, bertako produktuen aldeko apostua eginez, Ekolapiko proiektura batuz eta baratza ekologikoa sustatuz. Jangelako hondakinen kudeaketa egokia ere egiten dutela esan dute.
Herritarrei zuzendutako ekintzen artean daude oinezkoen bidea, haurren merkatu txikia eta Gabonei begira egiten duten bigarren eskuko merkatua.