Emakumeen kontrako indarkeria salatuko dute Itsasondon
Hurrengo bi astebukaeretan ekitaldi sorta bana izango da Itsasondon. Gizarte arloan, emakumeek jasaten duten indarkeria gaitzetsiko dute, batetik; gaztaina jana ere egingo dute. Kultura esparruan, eta Goierriko IV. Kultur Zirkuituaren barruan, antzerki...
Hurrengo bi astebukaeretan ekitaldi sorta bana izango da Itsasondon. Gizarte arloan, emakumeek jasaten duten indarkeria gaitzetsiko dute, batetik; gaztaina jana ere egingo dute. Kultura esparruan, eta Goierriko IV. Kultur Zirkuituaren barruan, antzerkia ikusi ahalko da. Astebete barru, euskarari zuzenduko dizkio Udalak ekitaldiak, abenduaren 3ko nazioarteko egunaren harira.
Azaroaren 25ean, ostirala, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunari erreferentzia egingo diote. 17:00etan Izarren argia filma emango dute, Gaztelekuan. 18:30ean, txokolatea hartu ahalko da, Bizi Nahi elkartean. Jarraian, minutuko isilunea egingo dute Itsasondoko plazan, indarrez hildako emakumeen alde.
Larunbata Gaztaina Eguna izendatu dute. 15:30ean mendira txangoan abiatuko dira, eskolatik. 18:00etan gaztaina erreak eta txorizoa banatuko dute, udaletxe azpian, dohainik. Haurrentzat ogia eta txokolatea jarriko dute.
Kultur Zirkuituko 4. saioa
Zapatua borobiltzeko, Txirene konpainiak Sarean zintzilikatua antzezlana egingo du, 22:00etan, eskolako aterpean. Beasain, Ordizia eta Lazkao igaro ostean, Zirkuituko laugarren saioa da.