Urretxuko udaletxeko areto nagusian eman diote Markel Lopezi ‘Antxoa’ laguntza zakurra
Zer egin dezake zakur batek? Markel Lopezi
Antxoa bere zakurrak, galtzerdiak kentzen dizkio. Lopezen azala tximeletarena bezain hauskorra da, epidermolisi builoso izeneko gaixotasun arraroa dauka jaio zenetik, orain 11 urte. Gaur, Urretxuko udaletxeko areto nagusian, Bocalan fundazioak
Antxoa zakurra ofizialki eman dio.
Antxoak egunerokoan lagunduko dio haurrari, horretarako hezituta dago.
Bocalan gobernuz kanpoko erakundea da, eta nazioartean lan egiten du. Bocalanen jardunaren muinean zakurrak daude. Teo Mariscal erakundeko zuzendaria da, “animalia batek lagundu dezakeen eremuetan lan egiten dugu”. Laguntza eta terapiaren alorrak dira, batik bat.
Adibideak eman ditu Mariscalek. Chilen epaitegian deklaratu behar duten haurrekin lanean ari dira, “zakurrek une horietako tentsioak arintzen dituzte”. Umeak zakurra ondoan dauka prozesua hasi eta bukatzen den arte. “Emaitzak zoragarriak dira”.
Kolonbian sexu-abusuak jasan dituzten haurrekin egiten dute lan; bi milatik gora haur. “Zakurrek umeei psikologoekiko hurbiltasuna lortzen laguntzen diete”.
Bocalanen jardueraren beste eremua autismoa da. “haur autisten zenbait portaera baretzen dituzte zakurrek, gelditu ere. Lo egiten laguntzen diete, autistek ez baitute oso ondo lo egiten”.
Antxoa zakurra eman eta gero, Mikel Lopezek dio zakurrak erortzen zaizkion gauzak jasotzen dizkiola, galtzerdiak kendu, ateak zabaldu, argiak itzali… Saioa Arrizabalaga da Markelen ama, “ematen digun laguntza guztiaz gain, zakurrak beste maila batean ematen diguna dago. Markelen gurpil-aulkiaren aurrean geratzen denak zakurragatik galdetzen du orain, lehen haurrari begira gelditzen zen”.