Goiekiko ordezkarien izendapenak zeresana ematen jarraitzen du
Joan den asterako deitutako ez-ohiko osoko bilkuran ziren izendatzekoak Ordiziari dagozkion Goiekiko bi ordezkariak, baina azkenean gai hori atzeratzea erabaki zutenez, atzoko osoko bilkuran aukeratu zituzten bi ordezkariak: Igor Eguren alkatea (Bildu) eta Jose Migel Santamaria (EAJ). Bozkaketa egiterakoan, ordea, ezustekoa egon zen, Bilduren zazpi hautetsiek soilik bozkatu baitzuten izendapenaren alde. EAJko bost hautetsiek eta PSE-EEko bakarrak aurka bozkatu zuten. Hau da, EAJren ordezkariak bere izendapenaren aurka bozkatu zuen. Hala ere, bozkaketaren aurretik esan zuen Goiekiko izendapenak egiteko prozedurarekin bat ez datozelako bozkatuko zutela ezezkoa. Ekainaz geroztik datorren kontua da Goiekiko ordezkarien izendapenarena. Ekainaren 30eko bilkuran Igor Eguren eta Iban Asenjo, biak Bildukoak, proposatu zituzten ordezkari izateko, baina Santamariak puntu hori ez bozkatzeko esan zuen orduan, litekeena zelako EAJk bera proposatzea alderdiko ordezkari modura. Bilkuran bost minutuko etena egin ondoren, izendapena atzeratzea erabaki zuten. Joan den astean ere bai Goiekiko administrazio kontseilu berria aukeratzeko presa zegoela eta, joan den astean premiazko bilkurak deitu zituzten Ordizian, Beasainen eta Lazkaon. Tarte horretan, Igor Eguren Ordiziako alkatea aritu zen EAJrekin, PSE-EErekin eta herri kandidaturekin izendapenen kontua negoziatzen, eta bazirudienean dena lotua zegoela, hiru herrietako plenoak bertan behera geratu ziren. Egurenek azaldu zuenez, plenoa baino bi ordu lehenago dei bat jaso zuen, izendapen horiek [...]
Joan den asterako deitutako ez-ohiko osoko bilkuran ziren izendatzekoak Ordiziari dagozkion Goiekiko bi ordezkariak, baina azkenean gai hori atzeratzea erabaki zutenez, atzoko osoko bilkuran aukeratu zituzten bi ordezkariak: Igor Eguren alkatea (Bildu) eta Jose Migel Santamaria (EAJ). Bozkaketa egiterakoan, ordea, ezustekoa egon zen, Bilduren zazpi hautetsiek soilik bozkatu baitzuten izendapenaren alde. EAJko bost hautetsiek eta PSE-EEko bakarrak aurka bozkatu zuten. Hau da, EAJren ordezkariak bere izendapenaren aurka bozkatu zuen. Hala ere, bozkaketaren aurretik esan zuen Goiekiko izendapenak egiteko prozedurarekin bat ez datozelako bozkatuko zutela ezezkoa.
Ekainaz geroztik datorren kontua da Goiekiko ordezkarien izendapenarena. Ekainaren 30eko bilkuran Igor Eguren eta Iban Asenjo, biak Bildukoak, proposatu zituzten ordezkari izateko, baina Santamariak puntu hori ez bozkatzeko esan zuen orduan, litekeena zelako EAJk bera proposatzea alderdiko ordezkari modura. Bilkuran bost minutuko etena egin ondoren, izendapena atzeratzea erabaki zuten.
Joan den astean ere bai
Goiekiko administrazio kontseilu berria aukeratzeko presa zegoela eta, joan den astean premiazko bilkurak deitu zituzten Ordizian, Beasainen eta Lazkaon. Tarte horretan, Igor Eguren Ordiziako alkatea aritu zen EAJrekin, PSE-EErekin eta herri kandidaturekin izendapenen kontua negoziatzen, eta bazirudienean dena lotua zegoela, hiru herrietako plenoak bertan behera geratu ziren. Egurenek azaldu zuenez, plenoa baino bi ordu lehenago dei bat jaso zuen, izendapen horiek hala egitekotan, “zesio” batzuk egin beharko zituztela eskatuz. Alegia, Goiekiko estatutuekin bat egiten zutela izendapenek, baina ez izendapenak egiteko filosofiarekin. Hau da, EAJko ordezkariek Bilduri egozten zioten izendapenen filosofia kontuan ez hartzea, eta filosofia horren arabera gainontzeko alderdiek ere ordezkaritza eduki behar luketela Goiekin. Bilkura horretan ez zen aparteko eztabaidarik izan.
Goiekiko estatutuen arabera, Beasaini hiru ordezkari dagozkio Goiekin, Ordiziari bi, Lazkaori bat eta herri txikiei bost. Horrez gain, hauteskunde emaitzak ere kontuan hartzen dira izendapenak egiterakoan, eta horien arabera, Bilduri 6 ordezkari dagozkio, EAJri bi, PSEri bat eta independentei bi.
Atzokoan, ika-mika
Atzoko osoko bilkuran, izendapenen kontua iritsi zenean, Santamaria izan zen hitza hartzen lehena. Santamariak esan zuen “harrituta” dagoela gai hau ekainaren 30etik dagoelako mahai gainean, eta nabarmendu zuen Goiekiren historian egon den adostasuna “puskatu” egin dela. Egureni egotzi zion alderdi guztiekin ez hitz egitea. “Estatutuak aipatzen dituzu, baina dauden alderdi guztiak ez daude ordezkatuta”.
Egurenek berehalakoan erantzun zion, esanez denen parte hartzea “bermatzea” dela bere asmoa, bai alderdi guztiena, eta baita sindikatuena ere. “Orain astebete egitekoa zen plenoan zuek, EAJk, esan zeniguten izendapen horiek onartzen zenituztela, baina zesioak egon beharko zirela. Eta guk ez dugu hori onartuko. Niri esan zait Gipuzku Buru Batzarrean ere honi buruz aritu direla, baina horrekin ez dut esan nahi GBBk hartu duenik erabakia. Ridikulizatu egin nahi gaituzue prozedura arazoak direla eta. Hamabi egunez egon zen proposamena mahai gainean, eta plenoa baino bi ordu lehenago proposamen baldintzatua iritsi zitzaigun”.
Santamariak esan zion haien asmoa ez dela “ridikulizatzea”, eta Egurenek honakoa galdetu zion. “Onartuko didazu ba proposamena mahai gainean egon zela? Eta onartuko didazu ba zure eta Patxi Plazaolaren (Beasaingo aurreko alkate eta Goiekiko lehendakari funtziotan) eskariz bildu nintzela Aitor Aldasororekin (Beasaingo EAJren bozeramalea) Beasainen?”
Eztabaida horretan ari zirela, Erramun Amundarainek hitza eskatu zuen publiko artetik. “Ez dut uste Igor (Eguren) zure ardura denik Goiekiko junta berria osatzea. Ardura Patxi Plazaolarena da, eta EAJ egiten ari dena da oztopoak jartzea. EAJk oraindik ez du onartu Goiekin gutxiengoan dagoela”. Santamariak erantzun zion onartzen dutela gutxiengoan daudela.
Egurenek EAJko ordezkariei egotzi zien pribatuan gauza bat esan, eta komunikabideen aurrean beste mezu bat ematea. “Ozen eta argi esango dut, ondo grabatuta geratu dadin. Gure konpromisoa da den-denek Goiekin parte hartzea. Eta izendapenak onartuko ditugu Goiekiko estatutuek jasotzen duten bezala”. Momentuz mahai gainean dagoen proposamena honakoa da: Beasaingo ordezkariak, Mari Mar Zelaia (Bildu), Aitor Aldasoro (EAJ) eta PSE-EEko bat; Ordiziakoak Igor Eguren (Bildu) eta Jose Migel Santamaria (EAJ); Lazkaoko Azeari Andonegi (Bildu); herri txikien artean, Ataungo Igor Aierbe (Bildu), Legorretako Bakartxo Mendez (Bildu) eta Ormaiztegiko Rosa Mari Urkia (Bildu); eta bi independiente, Idiazabalgo Ioritz Imaz (Izal Bai) eta Mutiloako Iñaki Ugalde.
Galde eskean txanda iritsi zenean, eta ikusita Jose Migel Santamariak bere buruaren aurka bozkatu zuela, Erramun Amundarainek honakoa galdetu zion idazkariari: “Posible al da bere izendapenaren aurka bozkatzea, eta gero ordezkari izatea?”. Idazkariak baietz uste duela erantzun zion. Amundarain Santamariaren jarreraren aurka azaldu zen: “Goiekiko estatutuak zuek egindakoak dira, zuek jarritako gerente batek eginda. Nik lehendakariari proposatuko nioke zu Goiekitik bidaltzeko”.
Lau mozio onartuta
Atzoko osoko bilkuran Bilduk proposatutako lau mozio ere onartu ziren. Lau mozioen bozketan EAJko hautetsiek ez zuten parte hartu, “informazio falta eta prozedurarekin ados ez daudela argudiatuta”. Emakumeen aurkako indarkeriaren mozioan PSEko ordezkaria abstenitu egin zen, baita Euskararen Nazioarteko Egunaren harira eta Ezkio-Itsasoko estazio elektrikoaren harira sartutakoan ere. Presoen eskubideen aldeko mozioa Bilduk soilik babestu zuen.