Imanol Manterolak irabazi du Igartubeitiko Argazki Digital Lehiaketa, helduetan
Gaur eguerdiko hamabietan banatu dituzte Igartubeiti baserri museoan IV. Argazki Digital Lehiaketako sariak. Helduetan lehendabiziko saria Imanol Manterolak irabazi du, eta gazteetan, Unai Larrañagak. Igartubeiti baserri museoko arduradunek jakitera e...
Gaur eguerdiko hamabietan banatu dituzte Igartubeiti baserri museoan IV. Argazki Digital Lehiaketako sariak. Helduetan lehendabiziko saria Imanol Manterolak irabazi du, eta gazteetan, Unai Larrañagak.
Igartubeiti baserri museoko arduradunek jakitera eman dutenez, guztira 20 lagunek parte hartu dute, 15 helduk eta 5 haurrek. Epaimahaia berriz, Gorka Salmeron argazkilariak, Carlos Medivilla Ikatza elkarteko kideak eta Ascen Gonzalez Argazki elkarteko kideak osatu dute.
Helduetan lehiaketa irabazi duenak, Manterolak, 150 euro eta baserriko produktuez osatutako saskia etxeratu ditu. Bigarren, Beatriz Ruiz geratu da, eta 120 euro eta baserriko produktuez osatutako saskia lortu ditu. Hirugarren berriz, Juan Joxe Agirrek egin du, eta berak 100 euro eta baserriko produktuez osatutako saskia eskuratu ditu.
Gazteetan, lehiaketaren irabazleari, Larrañagari 80 euro eman dizkiote lehiaketaren antolatzaileek. Bigarren, Malen Aiastui geratu da, eta 60 euro etxeratu ditu. Gazteetan hirugarren postuan, Jon Elosegi sailkatu da. Hari 50 euroko diru-saria eman diote.
Proiekzioa eta mokadua
Sariak banatu eta gero, argazkien proiekzioa ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek, eta ondoren mokadua egin dute.
Argazki erakusketa 2012ko urtarrilaren 8ra bitartean ikusi ahal izango da, Igartubeitin.













