Ion Telleria gazte independentistari ongi etorria egin diote, Idiazabalen
Ion Telleria gazte independentistari ongi etorria egin diote bere jaioterrian, Idiazabalen. Telleria azaroaren 8an irten zen Valdemoroko (Madril) espetxetik bermepean, 12.000 euroko fidantza ordainduta. Ekitaldia txalapartaren doinuekin hasi dute 12:30ak aldera. Ondoren, aurkezleak hartu du hitza. Bere arabera “Euskal Herria, herri zapaldua dela kontzientzia hartzearekin batera, herriaren alde lanean hasten da hainbat lagun. Horien artean Ion. Lehendabizi herrian lan egin zuen, hainbat arlotan, eta ondoren nazio mailan. Horrek ondorio txarra ekarri zion: kartzela. Orain aske dago, ordea, eta berri pozgarria da”. Aurkezleak bere jarduna bukatu ondoren, Ion Telleria plazako kioskora igo da, bertaratutakoen txalo zaparra artean. Jarraian, idiazabaldar gazte batek alboka jo du, eta bi dantzarik Agurra dantzatu dute, txistulariek lagunduta. Agurra dantzatu eta gero, Idiazabalgo hainbat talde eragilek berak herrian egindako lanarengatik esker ona adierazi diote. Lehendabizi ezker abertzaleko kide batek hitz egin du, eta zenbait opari eman dizkio gazte independentistari. Segidan, Eliz Azpiko Komandoa bere lagun taldeko kideak kioskora igo eta gaztetan berarekin bizi izandakoak ekarri dituzte gogora. Oparia ere eman diote. Idiazabalgo Bertsolari Taldean ere ibilia da Telleria eta bertako kideek hitzez ez, baizik eta bertsoz egin diote ongi etorria. Illati euskara elkartekoek, LAB sindikatuak, Ojaolaaitzeko Naparrak taldekoek, Zirika Irratikoek eta Gazte Asanbladakoek ere parte hartu dute [...]
Ion Telleria gazte independentistari ongi etorria egin diote bere jaioterrian, Idiazabalen. Telleria azaroaren 8an irten zen Valdemoroko (Madril) espetxetik bermepean, 12.000 euroko fidantza ordainduta.
Ekitaldia txalapartaren doinuekin hasi dute 12:30ak aldera. Ondoren, aurkezleak hartu du hitza. Bere arabera “Euskal Herria, herri zapaldua dela kontzientzia hartzearekin batera, herriaren alde lanean hasten da hainbat lagun. Horien artean Ion. Lehendabizi herrian lan egin zuen, hainbat arlotan, eta ondoren nazio mailan. Horrek ondorio txarra ekarri zion: kartzela. Orain aske dago, ordea, eta berri pozgarria da”. Aurkezleak bere jarduna bukatu ondoren, Ion Telleria plazako kioskora igo da, bertaratutakoen txalo zaparra artean. Jarraian, idiazabaldar gazte batek alboka jo du, eta bi dantzarik Agurra dantzatu dute, txistulariek lagunduta.
Agurra dantzatu eta gero, Idiazabalgo hainbat talde eragilek berak herrian egindako lanarengatik esker ona adierazi diote. Lehendabizi ezker abertzaleko kide batek hitz egin du, eta zenbait opari eman dizkio gazte independentistari. Segidan, Eliz Azpiko Komandoa bere lagun taldeko kideak kioskora igo eta gaztetan berarekin bizi izandakoak ekarri dituzte gogora. Oparia ere eman diote. Idiazabalgo Bertsolari Taldean ere ibilia da Telleria eta bertako kideek hitzez ez, baizik eta bertsoz egin diote ongi etorria. Illati euskara elkartekoek, LAB sindikatuak, Ojaolaaitzeko Naparrak taldekoek, Zirika Irratikoek eta Gazte Asanbladakoek ere parte hartu dute ekitaldian.
Ekitaldia bukatu aurretik, Telleriak berak hartu du hitza, eta besteak beste bertan bildutakoei eta kartzelan zegoen bitartean babesa emandako guztiei eskerrak eman dizkie.
Ekitaldia bukatu eta gero, 14:30ean herri bazkaria egin dute Guraso Elkartean 60 lagun inguruk.














