Aitor Hernandez (Orbea) txirrindulariak irabazi du, gaur, Legazpiko ziklo-kros lasterketa, elite mailan. Ermuarrak ez du aurkakotasun handiegirik topatu lehiakideen artean, lehen itzulitik burua hartu, eta une labur batean Ruben Ruzafak aurrea hartu badio ere, bukaerara arte hala eutsi diolako. Legazpiko Urtatza auzoko zirkuitu ikusgarrian jokatu da berriro ziklo-krosa Legazpin, orain 15 urte azkeneko aldiz izan zenez geroztik.

Aitor Hernandez, ezkerretik, Legazpiko ziklo-kros probaren lehen itzulian. Aimar Maiz
Egoitz Murgoitioren faltan, Hernandez zen faborito gaurko proba irabazteko. Eta ez du hutsik egin. Orbeako taldekide Ruzafa andaluziarrak bukatu du bigarren. Aketza Peñak osatu du podiuma, elite mailan. 23 urtepekoen sailean Daniel Gonzalezek irabazi du.

Zelai laua izan arren, euriak asko zaildu du lana. Aimar Maiz
Legazpiko ziklo-kros proba, irekia izateaz gain, Gipuzkoako txapelketa ere bazen. Asier Arregik jantzi du herrialdeko txapela, sailkapen orokorrean laugarren eginda. Carlos Coloma errioxarra sartu da bosgarren, eta Jose Antonio Diez Arriola kantabriarra seigarren.

Lokatz artean aurrera egiten. Aimar Maiz
Telleriarteko txirrindulari elkarteak barruti ikusgarria prestatu du. Ziklo-kros giro “bikaina” egin du, gainera, ikusleen hitzetan: euria gogotik, hotza, lurra erabat lokaztuta, eta txingor ekaitza tarteka, trumoi-tximista eta guzti. Hala eta guztiz, ikusle kopuru polita elkartu da Urtatzan. 2.500 metro luzean, iaiotasun asko erakusteko moduko ibilbidea zen: indarra eskatzen zuten zelai lauak eta bihurgunetsuak, lokatzagatik oso gogorrak txirrindularientzat; asfaltoan zati bat abiadurarako; eta eremu teknikoak, malkar eta aldapetan igoerak eta jaitsierak zituena.

Barrutiaren gorena, Urtatzan. Aimar Maiz

Ziklo-krosaren esentzia ugarik bat egin dute gaur Legazpin: lokatza, indarra, korrikaldiak, euria… eta bizikleta sorbaldara.