Goierriko bost herritako 54 baserri saritu dituzte gaur goizean Legazpin, Goimene landa eremuaren garapenerako agentziak eta eskualdeko bost herrik antolatu duten bigarren sariketan. “Baserritarra, natur zaintzaile” goiburupean, iaz egin zuten, Zumarragan, lehenbiziko aldiz deialdia, “arrakasta” eduki zuena. Aurten udalerri bat gehiago sartu da sariketan, Ormaiztegi. Beste laurak Goierri Garaikoak dira: Zumarraga, Urretxu, Legazpi eta Ezkio-Itsaso.

Goierriko bost herritako 54 baserritako sarituak, gaur, Legazpin. Aimar Maiz
Legazpiko kultur etxean egin duten ekitaldian ehun bat lagun bildu dira. Bi sailetan bereizita saritu dituzte baserriak: aktibitatea esklusiboki nekazaritzara bideratuta dutenena batetik (1.000na euro jaso dituzte), eta aktibitate mistoa dutenak bestetik, baserriko lanei eutsi bai, baina ‘kanpoan’ ere lan egiten dutenak (300na euro).
“Denok gozatzen dugun paisaia eta bazterrak ez dira kasualitatearen fruitu, urteen poderioz gure baserritarrek sortutakoak baizik”, aitortu dute erakundeetako ordezkariek. “Beraz, baserriaren funtzioa ezin dugu mugatu haragi, barazki edo esne ekoizle izatera eta horien produkziora”.
Natur zaintzaile sariketaren bigarren deialdira 76 baserriren hautagaitzak aurkeztu dituzte, sariak jasotzeko. Horietatik 54k lortu dute errekonozimendua eta diru-saria. Saritutakoetatik 18k nekazaritza dute jarduera nagusia, eta gainontzeko 36ek jarduera mistoa dute.
Sariketako epaileek hiru arlo aztertu dituzte: etxearen eta inguruaren zainketa; nekazaritza jardueraren oreka; eta ingurumenarekiko jarrera. 2010eko sariketan 44 baserri saritu zituzten (14 baserritik bizi direnak, 30 mistoak). Aurten hamar gehiago izan dira. Legazpiko 21, Zumarragako 13, Urretxuko eta Ezkio-Itsasoko zortzina, eta Ormaiztegiko lau baserritako kideek jaso dute gaur saria.
- Ezkio-Itsaso: Garaion Bekoa, Hariztizabal (baserritik bizi direnak). Pagoa, Urruti, Urkulegi, Zelaa, Igartza, Urteaga (jarduera mistoa).
- Legazpi: Muntegi, Igaralde Goena, Urtatza, Makatzaga, Arizti Goikoa, Egizabal, Erraizabal (baserritik bizi direnak). Agirrezabal, Biurrain, Elortza, Zelanda Bekoa, Egizear, Lakiola Haundi, Uerkalde, Astaola, Eguzkitza, Barrendiola, Telleri, Zabaleta, Muru (mistoak).
- Ormaiztegi: Olaberrieta Txiki (baserritik bizi direnak). Udabarro Azpikoa, Iraegi, Lizarralde (mistoak).
- Urretxu: Donardegi, Agerre, Iturbe Behekoa, Beain (baserritik bizi direnak). Zuloaga, Ipiñarrieta, Erratzu Goikoa, Larreaga (mistoak).
- Zumarraga: Oraa Goikoa, Aitza, Saltsamendi, Sagaspe (baserritik bizi direnak). Gurrutxaga Garakoa, Leturiondo, Aitzabaso, Olarte, Urruzti, Urruti, Landaburu, Gurrutxaga Azpikoa, Agerre (mistoak).