Jazpana jaialdia iruditan ikusteko aukera dago Usurbe antzokian
Egoitz Irizar saria jasotzen, Jazpanako Amagoia Aiestaranen eskutik Jazpana Fest! jaialdiak emandakoa iruditan bildu dute antolatzaileek, iazko urrian egindako jaialdian ateratako argazkiekin erakusketa osatu baitute. Jaialdiaren barruan antolatutako argazki rallyra aurkeztutako argazkiak dira erakusketan ikusi daitezkeenak, guztira, 30 argazki inguru. Argazkilariak Mikel Lopez , Julen Garcia, Iker Zubizarreta, Irene Mariscal, Raul Piñeiro eta Egoitz Irizar izan dira. Bakoitzaren bizpairu argazki zintzilikatu dituzte Usurbeko hormetan. Rallyko parte hartzaileen argazkiez gain, antolakuntza lanetan aritu den Garbiñe Irizarren argazkiak ere ikusi daitezke. Erakusketa igandera arte egongo da irekita, ohiko ordutegian. Aurtengo argazki onenaren sariaren irabazlea Egoitz Irizar izan da, Willis Drummon taldeko Jurgi abeslariari ateratako argazki arekin. Irizarrek, Alzuri dendan erabiltzeko 200 euroko txekea jaso zuen larunbatean, erakusketaren irekiera ekitaldian. Sari banaketaren ondoren, Keu Agirretxea abeslariak kontzertu akustikoa egin zuen erakusketa gelan bertan. Jazpanako antolatzaileek esan dutenez, 25 lagun inguru elkartu ziren bizkaitarraren emanaldian, eta kontzertuan «giro goxoa eta familiarra» nagusitu zen. Ia ordubeteko saio eskaini zuen Agirretxeak Beasainen. Goierriko Kasta, etzi Aurten lehen aldiz, Gabonetako Jazpana antolatu dute jaialdiko arduradunek, eta egitarau horren barruan txertatu dituzte erakusketa eta Agirretxearen kontzertua. Baina erakusketa antolatzeko ardura hartzeaz gain, Goierriko Kasta taldeko kideei ere bertan egoteko gonbita luzatu zieten Jazpanakoek. Hala, etzi iluntzean, 19:30etik aurrera, [...]
Jazpana Fest! jaialdiak emandakoa iruditan bildu dute antolatzaileek, iazko urrian egindako jaialdian ateratako argazkiekin erakusketa osatu baitute. Jaialdiaren barruan antolatutako argazki rallyra aurkeztutako argazkiak dira erakusketan ikusi daitezkeenak, guztira, 30 argazki inguru. Argazkilariak Mikel Lopez , Julen Garcia, Iker Zubizarreta, Irene Mariscal, Raul Piñeiro eta Egoitz Irizar izan dira. Bakoitzaren bizpairu argazki zintzilikatu dituzte Usurbeko hormetan.
Rallyko parte hartzaileen argazkiez gain, antolakuntza lanetan aritu den Garbiñe Irizarren argazkiak ere ikusi daitezke. Erakusketa igandera arte egongo da irekita, ohiko ordutegian.
Aurtengo argazki onenaren sariaren irabazlea Egoitz Irizar izan da, Willis Drummon taldeko Jurgi abeslariari ateratako argazki arekin. Irizarrek, Alzuri dendan erabiltzeko 200 euroko txekea jaso zuen larunbatean, erakusketaren irekiera ekitaldian.
Sari banaketaren ondoren, Keu Agirretxea abeslariak kontzertu akustikoa egin zuen erakusketa gelan bertan. Jazpanako antolatzaileek esan dutenez, 25 lagun inguru elkartu ziren bizkaitarraren emanaldian, eta kontzertuan «giro goxoa eta familiarra» nagusitu zen. Ia ordubeteko saio eskaini zuen Agirretxeak Beasainen.
Goierriko Kasta, etzi
Aurten lehen aldiz, Gabonetako Jazpana antolatu dute jaialdiko arduradunek, eta egitarau horren barruan txertatu dituzte erakusketa eta Agirretxearen kontzertua. Baina erakusketa antolatzeko ardura hartzeaz gain, Goierriko Kasta taldeko kideei ere bertan egoteko gonbita luzatu zieten Jazpanakoek. Hala, etzi iluntzean, 19:30etik aurrera, emanaldia egingo dute Kastako hainbat kidek.
Jaialdia izango da emanaldiko gai gidaria, baina horrez gain, kide bakoitzak bere testuak modu librean ere irakurriko ditu. Juanmari Apaolaza, Ekaitz Goikoetxea, Irati Goikoetxea, Jon Ordoñez, Koldo Zubeldia, Joseba Zubizarreta eta Iker Zaldua izango dira emanaldia egingo dutenak. Zalduak aurreratu duenez, musikaz lagunduta egingo dute emanaldia Kastako kideek. Igor Alustiza kitarra jotzen ariko da, eta Beasaingo Antzerki Taldeko kideek haien testuak interpretatuko eta antzeztuko dituztela ere esan du Zalduak.
Jazpanakoek esan dutenez, erakusketa amaitzean emango dute amaitutzat 2011ko jaialdia. Datozen hilabeteetan aurtengo jaialdia prestatzen ariko dira, eta gauzak lotu ahala, haien berri emango dutela esan dute.













